EUSKADI.-Brodsky Quartet talde britainiarraren emanaldiarekin bukatuko dira bihar Getxoko (Bizkaia) 25. Kontzertu Klasikoak

Actualizado: viernes, 19 febrero 2010 13:07

BILBO, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) Kontzertu Klasikoen 25. ekitaldia amaituko da bihar Brodsky Quartet nazioarteko ganbera laukote ospetsuenetarikoaren saioarekin. Talde britainiarra Areetako Andres Isasi Musika eskolan jardungo da 20:00etan eta Shostakovichen, Mozarten, Pucciniren eta Borodinen piezak interpretatuko ditu.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Brodsky Quartet Daniel Rowlandek (biolina), Ian Beltonek (biolina), Paul Cassidyk (biola) eta Jacqueline Thomasek (biolontxeloa) osatzen dute eta nazioarteko ganbera musika abangoardian leku gailena du.

Laukotea ezaguna da kolaborazio abangoardistak egin dituelako nazioartean, ospe handia duten artistekin, besteak beste, Elvis Costello, Anne Sofie von Otter, Dawn Upshaw, Björk, Michael Collins, Joan Enric Lluna, Martin Roscoe, Alexander Baillie edo Tunde Jegede-rekin. Halaber, lankidetzan aritu da musikagile garrantzitsuekin: John Tavener, Lutoslawski, Peter Sculthorpe, Django Bates, Sally Beamish, Dave Brubeck eta Peter Maxwell Davies.

Hori guztia dela eta, laukoteak inspirazio berriak jaso ditu, eta nabarmen geratu dira beren azkeneko interpretazio berrienetan. Hainbat musika estilotan jardutea izan da bere 30 urteko jarduera luzearen ezaugarri nagusietariko bat.

Brodsky Quartet taldeak diskografia zabala du eta diskoetxe ospetsuekin lan egin du. Hala, 2005. urtean, Brodsky Records bere zigilua egin zuten. Lortu dituen sari berrienen artean daude Diapason D'Or eta Choque du Monde, Britten, Beethoven eta Janacek hari laukoteen grabazioengatik. Brodsky Quartet-ek Royal Philharmonic Society saria jaso du, bere programak berritzeko eman duen laguntzagatik.

Brodsky Quartet-en izena Adolf Brodsky errusiar biolinista ospetsuarengandik dator, biolinerako kontzertuan eta Tchaikovskyren orkestran espezializatua, eta ganbara-musikazalea. Autore honek lan izugarria egin zuen 1920ko hamarkadan Manchesterreko musikan eta "Royal Northern College"-n ere, laukoteak ere bertan ikasi zuelarik.