EUSKADI.-CAF-Elhuyar zientzia-dibulgazioko XV. sariak banatuko dira ostiralean Usurbilen (Gipuzkoa)

Actualizado: martes, 3 marzo 2009 18:04

DONOSTIA, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

CAF-Elhuyar zientzia-dibulgazioko XV. sariak banatuko dira ostiralean Elhuyar Fundazioaren egoitza nagusian, Usurbilen (Gipuzkoa), 18:00etatik aurrera. Sari-banaketaz gain, ekitaldi berezi bat izango da, sariketaren XV. urteurrena ospatzeko.

Elhuyar Fundaziotik azaldu dutenez, aurtengo edizioan, dibulgazio-artikuluei dagozkien hiru sari nagusi eta gazteentzako sari berezi bat banatuko dira. Sariak, hauek izango dira: lehenengo saria, 1.200 euro eta Imanol Andonegiren eskultura; bigarren saria, 800 euro eta eskultura; hirugarren saria, 600 euro eta eskultura eta gazteentzako sari berezia, 400 euro eta Andonegiren eskultura. Guztira, 16 dibulgazio-artikulu aurkeztu dira aurtengo sariketara.

Urtarrilaren 31n, Elhuyar Fundazioaren egoitzan elkartu ziren epaimahaia osatzen duten kideak, sariketara aurkeztu diren dibulgazio-artikuluak baloratzeko eta sariak ebazteko.

Epaimahaia osatu dutenek eskarmentu handia dute euskararen eta zientziaren alorrean, eta hauek dira: Mikel Alvarez Yeregi, medikua eta Gurutzetako Ospitaleko zuzendari nagusia; Joseba Etxebarria, ingeniaria eta Mondragon Unibertsitateko irakasle ohia; Koldo Nuñez, Geologian doktorea eta zientzia-dibulgatzailea; Txema Ramirez de la Piscina, Kazetaritzan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Javier Duoandikoetxea, Matematikan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea.