EUSKADI.-Canal Bizkaiaren seinale digitala EAE guztian ikusi ahal izango da, Euskaltelen Zuntz Optikoaren Sareari esker

Actualizado: viernes, 29 enero 2010 13:10

BILBO, 29 Ene. (EUROPA PRESS) -

Canal Bizkaia telebista-katearen seinale digitala Euskaltelen Telebista Digitalaren bidez zabaltzeko hitzarmena sinatu dute gaur Euskalteleko Marketineko zuzendari Koldo Unanuek eta Canal Bizkaiako zuzendari David Mejutok.

Modu honetan, Euskaltelen oinarrizko paketearen bidez ere ematen zen emisio analogikoaz gain, Canal Bizkaia formatu eta kalitate digitalean iritsiko da Euskaltelen Zuntz Optikoa duten etxe guztietara. Hala, Euskal Autonomia Erkidego osora zabalduko du hedapena.

Hemendik aurrera, EAEko edozein lekutan bizi eta Euskaltelen deskodetzaile ofiziala duten guztiek ikusi ahal izango dute Canal Bizkaia, formatu digitalean. Canal Bizkaiaren seinale digitala sintoniza daiteke dagoeneko Bizkaian, Euskaltelen Telebista Digitalaren 996 dialean, eta, EAEko gainerako lekuetan, 918 dialean.

Canal Bizkaiarekin egin den hitzarmen honez gain, antzekoak sinatu dira dagoeneko, Gipuzkoa Telebistarekin, Txingudi Telebistarekin, eta Canal Gasteizekin.

Euskaltelen kuotarik gabeko Telebista Digitalari esker, LTDko kanal guztiez gain, beste 16 kanal eta EAEko edozein tokitan digitalizatzen diren telebista lokalak ere ikusi daitezke. Horrez gain, Mirador Zinema, Helduentzako Mirador eta Mirador Futbola PPVko zerbitzuetarako sarbidea ere ematen du. Telebista Digitalaren seinale digital hori jaso ahal izateko, beharrezkoa da Euskaltelen TB digitaleko deskodetzailea izatea. Euskaltelen saltokietan erosi daiteke 59 euroren truke, edo saltoki handietan -besteak beste, Eroskin eta Mediamarkten-.

"Gaur egun, Euskaltelen formatu digitaleko telebistaren kontsumoa %40koa da kontsumo guztiarekiko, eta azkar ari da hazten. Euskaltelen telebista digitalak LTDak baino irudi-kalitate hobea du, eta kanal eta zerbitzu gehiago ditu. Gainera, ez da kobratzen kuotarik, eta, telebista ikusteko, nahikoa da deskodetzaile bateragarri bat erostea; horrek erraztu egiten du inguru digitalera aldatzea", azaldu dute Euskalteletik.