EUSKADI.-Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusak "Ateak Zabalik" jardunaldia egingo du larunbatean

Actualizado: jueves, 26 marzo 2009 17:42

DONOSTIA, 26 Mar. (EUROPA PRESS) -

Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusak "Ateak Zabalik" jardunaldia egingo du larunbatean gurasoei eta ikasleei gradu berrien inguruko informazioa ematerko. Gradu berriok Bolognara egokitutakoak dira eta aurtengo irailetik aurrera jarriko dira abian. Jardunaldia 10:00etatik 14:00etara izango da, unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez.

Jardunaldiaren helburua da etorkizuneko ikasleei eta beren guraso eta hezitzaileei Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean eta Bilbokoan 2009-2010 ikasturtean egin ahal izango diren Bolognara egokitutako titulazioen berri banaka ematea. Gainera, unibertsitateko instalazioak eta eskaintzen diren zerbitzuak ere bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte.

Campuseko fakultate eta eskoletako arduradunak etorkizuneko ikasleen eskura egongo dira, hainbat gairen inguruan dituzten zalantza guztiak argitzeko: ikasketa planak, lanbideko praktikak, nazioarteko programa, lehenengo lana aurkitzeko laguntza, atzerrian ikasteko aukerak, bekak, irakaskuntzaz kanpoko jarduerak eta abar.

Deustuko Unibertsitatea Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan ezarritakoaren arabera funtzionatzeko prest dago. Bolognara egokitutako graduko titulazioen mapak ANECAren onespena jaso du eta gradu berri horiek 2009-2010 ikasturtean hasiko dira ematen, Europan sistema berria ezartzeko finkatutako epemuga baino urtebete lehenago.

Irailetik aurrera, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan ezarri den bezala, gradua izango da Deustun ikasiko den titulazioa. Hortaz, diplomaturak, lizentziaturak, ingeniaritzak eta ingeniaritza teknikoak desagertu egingo dira. Graduko prestakuntza arrakastaz burutzeko, ikasleak 240 ECTS eskuratu beharko ditu lau urtetan banatuta. ECTS bakoitzak 25 lan ordu eskatzen ditu; beraz, gradua egiten duten bitartean ikasleek "benetako" lanaldia zer den jakingo dute.

Jardunaldian zehar karreretako orientatzaileek gazte eta gurasoei Deustuko Unibertsitatean matrikulatzeko jarraitu behar dituzten izapideak azalduko dizkiete. "Ateak Zabalik" hurrengo jardunaldia maiatzaren 9an izango da.