EUSKADI.-Donostiako Orfeoiak hiru kontzertu emango ditu ostiraletik Katalunian, Simfonica del Vallesekin eta David Gimenezekin

Actualizado: miércoles, 1 abril 2009 19:05

DONOSTIA, 1 Abr. (EUROPA PRESS) -

David Gimenez Carreras maisuak lehenbiziko aldiz zuzenduko du Donostiako Orfeoia Simfonica del Valles taldearekin batera Katalunian egingo dituen hiru kontzertutan. Bi musika taldeek Mozarten "Requiem" obra interpretatuko dute Sabadelleko La Farandula Antzokian, Bartzelonako Musika Jauregian eta Reuseko Fortuny Antzokian ostiralean, larunbatean eta igandean, hurrenez hurren.

Donostiako Orfeoitik jakinarazi dutenez, hiru kontzertu horietan honako bakarlariak arituko dira: Maria Gallego sopranoa, Gemma Coma-Alabert mezzosopranoa, Joseph Bros tenorra eta Alexander Vinogradov baxua.

Aurreko astean, David Gimenez Carreras zuzendari kataluniarra abesbatza donostiarraren egoitzan egon zen konpositore austriarrak bukatu ezin eta Süssmayer bere ikasleak Mozarten gidalerroei jarraituta osatu zuen obra hori entseatzeko.

Mozarten "Requiem" 1943. urtetik azaltzen da Donostiako Orfeoiaren errepertorioaren barne, urte horretan estreinatu baitzuen Victoria Eugenia Antzokian Ramon Usandizagaren zuzendaritzapean. Ordutik hona, hainbat izan dira partitura hori zuzentzeko Orfeoiaren buru jarri diren zuzendariak, besteak beste, Lopez Cobos, Edmon Colomer, Hans Graf edota Leopold Hager.

David Gimenez Carreras maisua Bartzelonan jaio zen bere osabaren izena (Jose Carreras) nabarmentzen den familia batean, eta 1994an debutatu zuen Hamburgoko Sinfonikako zuzendari gisa hiri horretan bertan. Hamarkada batean 200 orkestra baino gehiago zuzendu ditu Londreseko Royal Albert Hall, Vienako Konzerthaus edota New Yorkeko Avery Fisher Hall bezalako kontzertu aretoetan.

Vienako Filarmonikaren podiumera igo den musikari hispano bakarrenetakoa da, eta Zuricheko Tonhalle Orchester, Londreseko Symphony Orchestra, Pariseko Orchestre eta Londreseko Philharmonia orkestrekin lan egiteko aukera izan du.

Opera bere jardunaren zati garrantzitsua izan da, honako antzoki hauetan zuzendu baitu, besteak beste: Vienako Staatsoper antzokian (Carmen eta Sly), Londreseko Covent Garden antzokian (Alagna-Gheorghiu gala), Berlineko Deutsche Oper antzokian (Aida), Gran Teatre del Liceu antzokian (Sly) eta Madrilgo Teatro Real antzokian (La Boheme).

2007tik George Enescu Philharmonic Orchestrako zuzendari gonbidatu nagusia da. eta bere diskografian Koch-Schwann, Erato, Discmedi eta RCA Victor/BMG Classics diskoetxeentzat egin ditu lanak.