EUSKADI.-EAEko industriaren prezioak %1 igo ziren joan den urtarrilean, abenduarekin alderatuta

Actualizado: miércoles, 24 febrero 2010 12:47

BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren prezioek %1 egin zuten gora joan den urtarrilean, aurreko hilaren aldean. Datu horien arabera, gainera, azken 12 hilabeteetako industriaren prezioen aldaketa jaso duen urtarrileko urte arteko tasak ere %1ko gorakada izan du, Eustaten datuen arabera.

Sektoreen azterketak erakutsi bezala, 2010eko urtarrilean, eta aurreko hilaren aldean, hauexek izan ziren, besteak beste, inflazio handiena izan zuten adarrak: Petrolioaren birfinketa (%5,3), Ehungintza eta jantzigintza (%1,9), Mineral metalikoak eta ez-metalikoak (%1,8) eta Material elektrikoa (%1,5).

Aitzitik, prezioen beherapenak edo hazkunde txikiagoak izan zituzten Papera, edizioa eta arte grafikoak (-%0,8), Larruaren eta oinetakoen industria (%0,1), Zuraren industria (%0,1) eta Industria ez-metalikoa (%0,1) sektoreek.

Bestalde, 2009ko urtarriletik 2010eko urtarrilera arteko aldian, prezioen hazkunderik handienak ondoko adarretan eman dira: Petrolioaren birfinketa (%27,4), Manufakturetako beste industria batzuk (%3,8), Larruaren eta oinetakoen industria (%1,6) eta Garraiorako materiala (%1,3). Prezioen beherakada handienak, aldiz, Energia elektrikoa, gasa eta ura (-%7,7), Metalurgia eta gai metalikoak (-%7,4), Zuraren industria (-%4,9), Elikagaien industria (-%1,6) eta Industria kimikoa (-%1,6) atalek izan dituzte.

Xede ekonomikoaren araberako ondasunen sailkapenari jarraituz, sektore garrantzitsuenen prezioek urtarrilean izan zuten bilakaerak gorako joera izan zuen guztietan: Energiaren prezioa %3,4 igo zen, Bitarteko ondasunena %0,5, Ekipamenduko ondasunena %0,4 eta Kontsumo-ondasunena %0,4; izan ere, Kontsumo-ondasunen prezioak izan duen gorakada kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioa igo egin zelako (%0,5) eman zen, kontsumo-ondasun iraunkorrek ez zutelako aldaketarik izan aurreko hilaren aldean (%0,0).

Ondasun talde garrantzitsu hauen prezioen bilakaerek urtetik urtera ezberdintasun nabarmenak egon direla erakusten dute. Energiaren prezioek %8,1 egin dute gora eta Ekipo-ondasunek %0,1. Aitzitik, Bitarteko ondasunenek %4,5 egin zuten behera, eta Kontsumo-ondasunen prezioek %1,5; azken hauen artean, %1,6 jaitsi dira kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak eta %1 kontsumo-ondasun iraunkorrenak.