EUSKADI.-EAEn 2008an ezkondu ziren gizonen %76,5 eta emakumeen %63,7, 30 urte edo gehiagorekin ezkotu ziren

Actualizado: viernes, 12 junio 2009 13:53

BILBO, 12 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ezkontzeko adina atzeratzeko joerak bere horretan jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2008. urteko datuak kontuan hartuta. Izan ere, iaz EAEn ezkondu ziren gizonen %76,5 eta emakumeen %63,7, 30 urte edo gehiagorekin ezkondu ziren. Portzentaje horiek 2007koak (%75,4 eta %59,9, hurrenez hurren) baino handiagoak dira, Eustatek gaur jakinarazi dituen datuen arabera.

Halaber, 2008ko behin-behineko datuen arabera, aurreko urtearekin alderatuta %1,2 jaitsi zen EAEko egoiliarren ezkontza kopurua. Ezkontza zibilen proportzioak, aldiz, ehuneko 4 puntutan gainditu zuen 2007koa; 2008an ezkontza guztien %56,3 izan ziren zibilak.

Bestalde, 2008ko laugarren hiruhilekoan aurreko urteko aldi berean baino ezkontza zibil gehiago egin zen; hain zuzen ere, 2007. urtean ezkontza zibilak %61,5 izan ziren eta 2008an %65,6. Gainera, ohikoa den bezala, urteko azken hilabeteetan udakoetan baino ezkontza zibil gehiago egin zen (%45,8).

Urrian, azaroan eta abenduan guztira 1.753 ezkontza egin ziren EAEn, 2007ko hiruhileko beraren aldean %4,3 gutxiago, alegia. Lurralde historikoen arabera, bizkaitarrek 887 ezkontza ospatu zituzten, gipuzkoarrek 579 eta arabarrek 236. Ezkondu ondoren EAEtik kanpo bizitzera joan zirenak 51 izan ziren.

EAEn bizi ziren 1.685 gizonezko eta 1.706 emakumezko ezkondu ziren. 1.487 senar (%88,2) lehenengo aldiz ezkondu ziren eta, bestalde, 11 gizonezko alargun eta 187 gizonezko dibortziatu berriz ezkondu ziren. Lehenengo aldiz ezkondutakoak aintzat hartuta, emakumeen kopurua gizonena baino pixka bat handiagoa izan zen, ezkontzea erabaki zuten emakumezko ezkongabeak 1.527 izan ziren (%89,5), alargunak 10 eta dibortziatuak 169.

Senar-emazteen adina kontuan hartuta, 2008ko laugarren hiruhilekoan senarren %81,7ak eta emazteen %71k 30 urte baino gehiago zituen. Kopuru horiek aurreko urteko aldi berean izan zirenak baino handiagoak dira; hain zuzen, aurreko urtean %79,6 eta %66,2 izan zirelako aipatutako kopuruak, hurrenez hurren.