EUSKADI.-EAEn 5.560 langabetu gehiago izan ziren otsailean, urtarrilean baino %5,05 gehiago, eta guztira 115.653 langabetu daude

Actualizado: martes, 3 marzo 2009 12:22

BILBO, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Inem erakundearen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bulegoetan erregistraturiko langabetuak 115.653 dira, urtarrilarekin alderatuz otsailean 5.560 langabetu gehiago zenbatu ondoren (%5,05eko gehikuntza), Espainiako Lan eta Immigrazio Ministerioak gaur jakinarazi dituen datuen arabera.

Bestalde, 2008ko otsailetik 2009ko otsailera, 32.334 lagun gehiago sartu ziren EAEko langabetuen zerrendan, hau da, %38,81eko urte arteko hazkundea.

Lurralde historikoka, Bizkaian %5,3 gehitu zen langabezia urteko bigarren hilabetean, 3.198 langabetu gehiago zenbatu baitziren. Horrela, azken urtean 17.518 berri izan dira Bizkaian (%38,09ko gehikuntza).

Araban, %4,77 igo zen langabezia otsailean, 797 lagnabetu gehiago izan baitziren. Modu honetan, azken 12 hileetan 5.682 langabetu gehiago zenbatu dira Araban, (%48,05ko hazkundea). Azkenik, Gipuzkoan, urtarrilean baino 1.565 langabetu gehiago zenbatu ziren otsailean (%4,73) eta 9.134 gehiago azken urtean (%35,82).

Otsaila bukatzean, EAEn 55.972 gizonezko zeuden langabezian, lanik gabeko emakumeak 58.681 ziren bitartean. 25 urtetik beherako langabetuak 11.614 ziren; horietatik 7.164 gizonezkoak ziren eta 4.450 emakumezkoak, gainontzekoek (104.939) 25 urte baino gehiago zuten bitartean.

SEKTOREAK

Sektoreka, Zerbitzuetan igo zen gehien langabezia, 3.309 langabetu gehiagorekin. Industrian 1.047 lagun gehiago zeuden lanik gabe, eta Eraikuntzan 532 gehiago. Aurreko enplegurik gabeko kolektiboko langabetuen kopurua 301 lagunetan igo zen, eta Nekazaritzan 11 pertsona gehiago zeuden lanik gabe.

Aldakuntza horiekin, Zerbitzuen sektorean 72.616 langabetu daude; Industrian, 2.490; Eraikuntzan, 13.134; Aurreko enplegurik gabeko kolektiboan, 6.215; eta Nekazaritzan, 1.198.

Azkenik, joan den otsailean 45.473 kontratu egin ziren EAEn, urtarrilean baino 7.981 gutxiago (%-14,93). Halaber, 2008ko otsailarekin alderatzen bada, 21.731 kontratu gutxiago egin ziren (%-32,34). Joan den otsailean egindako kontratu guztietatik, 4.432 mugagabeak izan ziren, eta 41.041 aldi baterako.