EUSKADI.-EAEn 7.100 landun gutxiago zeuden eta langabezia tasa %7,8koa zen 2009ko bigarren hiruhilekoan

Actualizado: viernes, 17 julio 2009 13:46

BILBO, 17 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan-merkatuan 949.800 landun zeuden 2009. urteko bigarren hiruhilekoan, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 7.100 gutxiago (%-4). Langabezia-tasa %7,8koa izan da, 2009ko lehenengo hiruhilekoaren aldean puntu hamarren bat altuagoa, hain zuzen ere.

Eustat Estatistikaren Euskal Erakundearen arabera, landunen eta langabetuen bilakaerak izan duen emaitzaren ondorioz, 2009ko bigarren hiruhilekoan jarduera tasa %55,3koa zen.

Generoa kontuan hartuta, okupazioak batez ere gizonezkoen kopuruan izan du beherakada handiena: aurreko hiruhilekoan baino 5.300 gizonezko eta 1.800 emakumezko landun gutxiago zegoen lanean. Lurralde historikoka, Bizkaian eta Gipuzkoan landunen kopurua gutxitu egin zen, 6.500 eta 1.000 enplegu garbi gutxiago izan baitzuten, hurrenez hurren. Araban, aldiz, 500 lanpostu berreskuratu ziren.

Industrian eta Zerbitzuen sektorean lanpostuak galdu ziren, baina Eraikuntza eta Nekazaritza sektoreetan lanpostuak sortu ziren. Industrian 9.800 enplegu garbi galdu ziren eta Zerbitzuen sektorean, 5.000. Bestalde, Eraikuntzan 6.300 enplegu garbi gehiago izan ziren eta Nekazaritzan 1.400 gehiago.

Okupazio tasa (16 eta 64 urte arteko pertsona-kopuru osoaren aldean okupatuta dauden pertsonen portzentajea) %65 izan zen, duela hiru hilabete baino bederatzi puntu hamarren gutxiago. Gizonezkoen kasuan tasa hori %71,8 izan zen eta emakumezkoen kasuan, %58.

Lurralde historikoka, Gipuzkoak izan zuen okupazio tasarik altuena (%67,2), eta aurreko hiruhilekoaren aldean ez zen aldatu; gero Arabak izan zuen altuena (%66,2), ehuneko 0,1 puntu gutxiagorekin; Bizkaiak izan zuen tasarik txikiena (%63,2), aurreko hiruhilekoan baino ehuneko puntu bat eginez behera.

Lan-kontratu mugagabeko 8.700 soldatapeko gehiago izan zen urteko bigarren hiruhilekoan, eta guztira 627.600 ziren; aldi baterako kontratua duten soldatapekoak (kontraturik ez dutenak barne) 11.000 gutxiago izan ziren, eta beraz, guztira 162.600 ziren.

Zenbatespenen arabera, gutxi gorabehera EAEko 834.200 etxetan bizi diren pertsonen herenak ez ziren aktiboak. Hamar familiatik seitan etxeko pertsona aktibo denek zuten lana, eta datu horren arabera aurreko hiruhilekoan baino 3.800 familia gutxiagotan gertatu zen hori. Gainera, pertsona aktibo denak langabezian dituzten 24.200 familia ziren (guztirakoaren %2,9), hau da, aurreko hiruhilekoan baino 2.400 gehiago.

LANGABEZIA

Urteko bigarren hiruhilekoan, langabetuen kopurua 80.700 lagunekoa zela zenbatetsi da, aurreko hiruhilekoan baino 700 gehiago, hain zuzen ere. Lan bila ari diren, lana bilatzeko kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta lanerako prest dauden pertsonak jotzen dira langabetutzat. Bigarren hiruhilekoan, gizonezkoen artean 46.200 langabetu zeuden, hau da, 2.200 gehiago; emakumezkoen artean, aldiz, 1.500 langabetu gehiago zegoen bigarren hiruhileko horretan (guztira 34.500).

2009ko bigarren hiruhilekoko datuen arabera aldi horretako langabezia tasa %7,8 izan da, hots, aurreko hiruhilekoan baino puntu hamarren bat altuagoa. Gizonezkoen langabezia tasa %8ra igo zen (ehuneko 0,4 puntu gehiago) eta emakumezkoena 0,3 puntu, %7,6an geratuz. Gazteen langabezia tasa zen oraindik altuena (%*20,5); aldi honetan, 16-24 urte bitarteko 11.500 gazte aktibo langabezian geratu ziren.

Lurralde historikoka, Bizkaian gehitu zen gehien langabetuen kopurua: 3.100 langabetu gehiago eta %8,5eko langabezia tasa. Gipuzkoan 19.200 langabetu zeuden; horrela, 2.600 langabetu gutxiago zegoen eta langabezia tasa %5,8 zen. Arabako langabezia tasa %9,6koa zen, hau da, aurreko hiruhilekoaren aldean ez zen aldaketa handirik gertatu.

Bestalde, azken 12 hileetan (2008ko bigarren hiruhilekotik 2009ko bigarren hiruhilekora) 40.000 landun gutxiago dago (%-4). Beherapen hori gizonezkoen artean izan da nagusi, 32.800 enplegu gutxiago, emakumezkoen artean 7.200 gutxiago izan direlako.

Langabezia tasa ehuneko 4,3 puntu gehitu da azken urtean (%3,5etik %7,8ra); beraz, 44.500 langabetu gehiago dago EAEn urtean zehar. Lurraldeka, honakoak dira azken 12 hilabeteetako datuak: Araban ehuneko 7,6 puntu gehitu da langabezia tasa, Bizkaian ehuneko 4,2 puntu eta Gipuzkoan ehuneko 2,9 puntu.