EUSKADI.-'Egunkaria'-ren aldeko artelanak daude ikusgai eta eskuragai egunotan Bilboko Kafe Antzokian

Actualizado: miércoles, 13 enero 2010 12:55

BILBO, 13 Ene. (EUROPA PRESS) -

Nestor Basterretxea, Xabier Egaña, Koldobika Jauregi, Jesus Mari Lazkano, Xabier Morras eta Jose Luis Zumeta euskal artisten artelanak eskuragai daude Bilboko Kafe Antzokian egunotan, 'Egunkaria'-ren aurkako epaiketak sortuko dituen gastuei aurre egiteko -500.000 euro inguru-, Egunkaria Epaiketa Ekimen Taldeak espreski sorturiko kontu korronteetan diru-laguntza ematen duten herritarrek.

Hala, 200 euro edo gehiagoko laguntza ematen dutenek Xabier Egañaren artelan grafikoa jaso ahal izango dute; 300 eurotik gorako kopurua ematen dutenek, berriz, Koldobika Jauregiren, Jesus Mari Lazkanoren, Xabier Morrasen edo Jose Luis Zumetaren artelana izango dute eskuragai; 1.500 eurotik gorako diru-laguntza ematen dutenek Nestor Basterretxearen lau artelan grafikoz osatutako karpeta eskuratu ahal izango dute.

Ehun kopiako edizio mugatua da lehen bost artistena; Nestor Basterretxearena, berriz, 75 kopiako edizioa da. Lan guztiak zenbakituta eta artistek eurek sinatuta daude. Artelanok Bilboko Kafe Antzokian ikusgai izango dira asteotan, epaiketak iraun bitartean bederen, astelehenetik ostegun eguerdira arte, areto bilbotarretik adierazi dutenez.