EUSKADI.-Eguzki "kezkatuta" agertu da Donostiako Bigarren Saihesbidearen eraikuntzarekin

Actualizado: jueves, 19 febrero 2009 17:50

DONOSTIA, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eguzki kolektibo ekologista "kezkatuta" agertu da gaur Zamalbideko autopista berriaren edo Donostiako Bigarren Saihesbidea deritzon obraren eraikuntzarekin.

Izan ere, Inbertsioetako Europako Bankuak 200 miloi euroko mailegua emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiari Zamalbideko autopista berria bukatzeko, eta talde ekologistak "ez du ulertzen nola, obra honen ingurumen-inpaktuak itzelak izanik, halako erakunde batek finantziazioa eman dezakeenik".

Eguzki kolektiboko arduradunek gogoratu dutenez, autopista berri hau Fanderia-Agustinetan hasten da scalextrix erraldoi batez (etxe berrietako leihoen aurrean), San Jose ikastetxea-Zentolen ingurua zeharkatzen du eta "Zamalbide osoa txikitu ondoren" Perurenan sartzen da Astigarraga eta Usurbilerantz.

Horrela, autopista honen inpaktuak zenbait direla adierazi dute, besteak beste, "lurzoruaren artifizializazioa, kutsadura, zarata eta nazioarteko trafikoa landa-guneetara eramatea, nekazaritza-ustiapenen desagerpena, baserrien suntsipena edo natur kontserbazioan duen eragin ezkorra".

Eguzkiren iritziz, "gauza jakina da" kotxe eta kamioientzako garraio-azpiegitura gehiago eraikitzea "ez dela deuserako irtenbidea", eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "badakiela" ziurtatu dute. Ildo honetan, nabarmendu dute Donostialdea-Oarsoaldea-Bidasoaldean "garraio publiko masibo bat" izango dela "soluzioaren zati handi bat, eta ez azpiegitura erraldoiak eraikitzea betikoek gure diru publikoaz aberasteko".

Azkenik, Eguzkik herritarrak gonbidatu ditu Agustinak-Zentolen-Zamalbide bisitatzera, lan hauen inpaktuez jabe daitezen.