EUSKADI.-EHNE Bizkaiak "Emakumeok mundua elikatzen dugu" jardunaldia antolatu du Bilbon ostiralerako

Actualizado: miércoles, 15 abril 2009 14:22

BILBO, 15 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ostiral honetan ospatzen den Baserritarren Borrokaren Nazioarteko Eguna dela eta, Bizkaiko EHNEk, beste gizarte talde batzuen laguntzarekin, "Emakumeok mundua elikatzen dugu" izenburuko jardunaldia antolatu du Bilboko Kafe Antzokian egun horretarako. Gainera, hurrengo egunean, apirilaren 18an, Zaragozan transgenikoen kontra egingo den manifestazioarekin bat egin du erakundeak, eta bi ekimenetan parte hartzeko deia egin du.

Bizkaiko EHNEk, Herriarte elkartearekin batera eta La Via Campesinako zein Emakumeen Munduko Martxako emakumeen talde eta Euskal Herriko beste erakunde (Bizilur, Gernikatik Mundura) batzuekin koordinatuz, "Emakumeok mundua elikatzen dugu" jardunaldia antolatu du ostiralerako, Baserritarren Borrokaren Nazioarteko Egunari aldarrikapenezko zentzua emanez.

EHNE sindikatuko Bizkaiko arduradunen arabera, "Emakumeok mundua elikatzen dugu" jardunaldiaren helburu nagusia elikadura subiranotasunaren kudeaketan emakumeek duten zeregin garrantzitsuari buruzko hausnarketa eta eztabaidarako esparruak sortzea da.

"Iparralde zein Hegoaldeko baserri eremuko emakumeen egoera eta herrien ekonomia mailan zein munduko elikadura mailan egiten dituzten ekarpenak azalduko dira. Gainera, elikatze produkzio eredu kapitalista eta neoliberalak baserri eremuan eta bereziki emakume baserritarrengan eragiten dituen kalteak aztertuko dira", azaldu dute.

Bestalde, nekazaritza erakunde batzuek -Bizkaiko EHNE barne- eta talde ekologistek manifestazioa antolatu dute Zaragozan "Transgenikorik gabeko elikadura eta nekazaritzaren alde" goiburupean. Bere helburua trangenikorik gabe ekoiztu eta kontsumitzeko eskubidea aldarrikatzea da. Izan ere, Espainia da Europar Batasunean komertzializatzeko elikagai transgenikoak -artoa- ekoiztea baimentzen duen estatu bakarra.

EHNEko Bizkaiko arduradunek adierazi dutenez, transgenikoek "ondorio larriak" eragiten dituzte, "bai ekonomikoki, bai gizarte eta ingurumen mailan ere, eta osasunerako arriskutsuak dira". Manifestazioa Zaragozako Plaza del Paraisotik hasiko da 11:30etan eta Plaza del Pilarren amaituko da.

Bizkaiko EHNEk Zaragozara joateko autobusak antolatuko ditu: Orduñatik (suhiltzaileen tokia), 8:00etan, Abadinotik (Eroskiren aparkalekua), 7:30etan, eta autobus bera Zornotzatik (aintzineko autopista sarrera) 7:45ean eta Bilbotik (Zabalburu) 8:00etan; beste bat Karrantzatik abiatuko da.