EUSKADI.-EHUk eta Ikerbasquek informazio kuantikoan nazioarteko adituak bilduko dituzte Bilbon bihartik ostiralera arte

Actualizado: martes, 4 agosto 2009 14:02

BILBO, 4 Ago. (EUROPA PRESS) -

"Quantum Information & Solid State Systems" (Informazio kuantikoa eta egoera solidoa duten sistemak) deituriko nazioarteko biltzarra hasiko da bihar, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaiko campuseko Sarriko eremuan, Bilbon. Biltzarra ostiralean amaituko da eta bertan nazioarteko 30 aditu inguru elkartuko dira.

Topaketa hauen antolatzaileak EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle Enrique Solano eta Iñigo Eguskiza dira. Solano Ikerbasqueko eta Kimika Fisikoa Saileko kidea da eta Eguskiza, Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Sailekoa. Bestetik, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) kidea den Juan Jose Garcia-Ripoll irakasleak ere hartu du parte antolakuntza.

Antolakuntzak azaldu duenez, hiru egunetan zehar, Europa eta Amerikako zientzialari teoriko nahiz esperimentalek egoera solidotako sistemetara informazio kuantikoaren prozesamenduaren aplikazioari buruz eurek egindako ikerketen emaitzak aurkeztuko dituzte. Azken helburua da egungo ordenagailuek baino eramangarritasun eta sendotasun handiagoa duen ordenagailu kuantiko bat sortzea txip batean.