EUSKADI.-EHUko ikertzaile batek zenbait alga-espezie berri isolatu ditu Nerbioi-Ibaizabal estuarioan

Actualizado: miércoles, 29 julio 2009 12:50

BILBO, 29 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile batek sei alga-espezie berri isolatu ditu Nerbioi-Ibaizabal estuarioan bere doktore-tesirako lanean: 'Papilomonas tarda' eta 'Urgorri complanatus' espezieak -biak dira genero berriak zientziarentzat-, 'Falcomonas' generoko espezie berri bat -orain arte genero horretako espezie bakarra ezagutzen zen- eta 'Teleaulax' generoko hiru espezie berri. Gainera, 'Proteomonas sulcata' espeziea ere isolatu du. Australiako uretan aurkitu eta identifikatu ostean, behin bakarrik ikusi izan da espezie hori, Napoliko Golkoan.

EHUtik jakinarazi dutenez, tesiaren egilea Aitor Laza Martinez da, eta "Criptofitas del estuario del rio Nervion-Ibaizabal (Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren estuarioko kriptofitak) du izenburua lanak. Azterketaren helburua da Nerbioi-Ibaizabalen estuarioko kriptofita-alga komunitateak karakterizatzea. Horretarako, 2003an eta 2004an laginak jaso eta hazten jarri zituen ikertzaileak. Kriptofitak laginen %95ean agertu dira.

Guztira, 11 generotako 16 espezie identifikatu ditu (sei berri eta hamar jadanik ezagunak zirenak). Emaitza horiekin, mikroskopia elektroniko bidez egindako ikerketetatik espezie eta genero gehien identifikatu dituena da Aitor Lazarena. Espezie guztiak fikobiliproteinen, mikroskopia optikoaren eta ekorketa-mikroskopia elektronikoaren bitartez aztertu dira. Bestalde, 'P. tarda', 'U. complanatus' eta 'Teleaulax' generoko lau espezieren barne-ultraegitura mozketa ultrafinen bitartez aztertu da.

Horrez gain, bi genero berriren analisi genetikoak egin dira, eta Urgorriren berezitasuna erakutsi dute. Genero berri horrek eragiten ditu uda-garaiko marea gorriak Nerbioi-Ibaizabalen estuarioaren barnealdean eta Kantauriko mendebaldeko beste ibaiadar batzuetan. Lazaren ikerketaren aurretik hiru aipamen besterik ez zeuden kriptofita-algek eragindako marea gorriei buruz. Urgorriren hazkunde masibo horiekin loturik, bereziki toxikoak diren harraparien loratzeak gertatu izan dira.

Tesiaren egilearen iritiz, kriptofitei buruzko ezjakintasun handia dago, beharbada haiek identifikatzeko zailtasunak eragina. Aurrez egindako ikerketetan kriptofitak estuarioetako eta beste ur-sistema batzuetako fitoplankton-komunitatearen zati handi bat direla ikusi dute ikertzaileek, baina ez zegoen haien taxonomiari buruzko daturik. Horregatik, deskribatzeko zegoen haien dinamika.

Aitor Laza Martinez (Getxo, Bizkaia, 1979) Biologian lizentziatua da eta Ingurumen Teknologia eta Kudeaketa Master bat egin du. Tesiaren zuzendaria Emma Orive izan du, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia sailekoa. Departamentu horretan ari da Laza ikertzaile-lanetan. Tesia egiteko bi hilabetez ikerketa-lanetan aritu da Londreseko Historia Naturaleko Museoan.