EUSKADI.-EHUko Informatika Fakultateko ISG taldeko kide batek 'Best Student Paper Award' saria jaso du

Actualizado: lunes, 15 junio 2009 13:41

DONOSTIA, 15 Jun. (EUROPA PRESS) -

Doktoregoko ikaslea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateko Intelligent Systems Group (ISG) taldeko kidea den Carlos Echegoyen Arrutik 'Best Student Paper Award' saria jaso du berriki Trondheimen (Norvegia) izan den IEEE Congress on Evolutionary Computation 2009 biltzar ospetsuan, EHUko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Saritutako lanaren izenburua "Analyzing the probability of the optimum in EDAs based on Bayesian Networks" da eta bere helburua banaketen estimaziorako algoritmoen taldearen barruan diseinatu diren optimizazio algoritmo batzuen portaera ulertzea da. Algoritmo horiek arrakasta handia izan dute hainbat aplikazio eremutan, problema kimikoetatik hasi eta problema biologikoetara. Lanaren egileak Carlos Echegoyen, Alexander Mendiburu, Roberto Santana eta Jose Antonio Lozano dira.

ISG taldeak hiru esparrutan gauzatzen ditu ikerketa lanak. Horietatik lehena datu-meatzaritza da eta, alor honetan, iragartzeko modeloak diseinatu dituzte biomedikuntzako hainbat eremutan, besteak beste, gaixotasun hereditarioei lotutako geneen iragarpenean, laguntza bidezko ugalketarako obozitoen aukeraketan edo gaixotasun zehatzak dakartzaten geneen aurkikuntzan.

Bigarren esparrua optimizazioa da. Horren baitan, aldagai baten edo gehiagoren balioa maximizatu beharra dakarten problema oso konplexuak ebatzi ahal izateko teknika berriak aztertzen dira eta proteinak tolesteko, programa informatikoetan akatsak aurkitzeko edo ibilgailuentzako ibilbideak optimizatzeko erabiltzen da.

Hirugarren ikerketa esparruak errendimendu handiko konputazioa aztertzen du. Arlo horietan erabiltzen diren algoritmoetako askok ahalegin konputazional handia egitea eskatzen dute eta, hori dela eta, beharrezkoa da diseinua eta programazioa prestatzea, eskuragarri dauden baliabideak nola ordenagailu batean hala ordenagailu multzo batean inolako arazorik gabe erabili ahal izan daitezen.