EUSKADI.-EHUko "Revista de Psicodidactica" aldizkaria ISI institutu estatubatuar ospetsuaren katalogoetan sartu da

Actualizado: martes, 26 mayo 2009 14:57

BILBO, 26 May. (EUROPA PRESS) -

Amerikako Estatu Batuetako (AEB) Institute for Scientific Information (ISI) institutuak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) "Revista de Psicodidactica" aldizkaria sartu du bere datu-baseetan. ISI institutua munduko lehenengo erreferentea da argitalpenen "eragin-faktorea" kalkulatzen duten datu-baseei dagokienez; "eragin-faktorea" da arlo bakoitzeko aldizkarien garrantzi akademikoa neurtzeko parametro bibliometrikoa, EHUko iturriek azaldu dutenez.

"Revista de Psicodidactica aldizkaria EHUko Psikodidaktika arloko sailek argitaratzen dute, eta hezkuntzaren psikologiaren arloko eta gai akademikoen didaktikei buruzko ikerketen berri ematen du. Artikuluetan aztertzen da zein ote den irakasteko eta ikasteko modurik onena.

Aldizkaria 1996an sortu zen eta urtean 30 artikulu argitaratzen ditu bi aletan banatuta. Artikuluak arloko aditu bik ebaluatzen dituzte gutxienez. Ebaluatzaileok erabakitzen dute artikulua baztertu ala onartzea, eta, argitaratzekotan, dagoen-dagoenean argitara daitekeen ala zuzenketarik behar duen.

Artikuluen egileak EHUko Psikodidaktikaren arloko sailetako irakasleak dira, eta Espainiako eta atzerriko beste unibertsitate batzuetakoak. Gainera, aldizkariak edizio digital bat ere badauka: www.revistapsicodidactica.com.

"Revista de Psicodidactica" aldizkariaren zuzendaria eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen irakaslea den Alfredo Goñiren esanetan, aldizkaria ISIren katalogoan sartzea da "nazioarteko lehen mailako argitalpenekin eskuz esku ibiltzea eta liga horretan jokatzea, hau da, sari bat bere horretan".

"Hemendik aurrera erronka izango da aldizkaria nazioarteko argitalpen bihurtzea hala egileei dagokienez nola aholkularien batzordeari, ebaluatzaileei eta zabalkundeari dagokienez", esan du Goñik. Argitalpen honetan lan egiten duten pertsonek onartu egin dute erronka hori, "jakinda, alde batetik, are inplikazio eta ahalegin handiagoa eskatuko diela, eta, bestetik, horretarako gogoz daudela".