EUSKADI.-EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak Alberto Magno zientzia fikziozko literatur lehiaketaren 21. edizioa deitu du

Actualizado: lunes, 6 julio 2009 13:24

BILBO, 6 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak Alberto Magno zientzia fikziozko literatur lehiaketaren 21. edizioa iragarri du. Kontakizunak euskaraz edo gaztelaniaz idatzita egon daitezke eta lanak aurkezteko epea urriaren 2ra arte egongo da zabalik, antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez.

Jatorrizkoak (hiru ale) eskura emango dira edo, bestela, postaz bidaliko dira Zientzia eta Teknologia Fakultatera (Dekanotza, 644 posta-kutxa, 48080 Bilbo). Iberiar penintsulatik kanpo bizi diren parte-hartzaileek posta elektronikoz bidali ahal izango dituzte, alberto.magno@ehu.es helbidera.

Epaimahaiaren erabakia azaroaren 12an jakinaraziko da EHUko Leioako campuseko Areto Nagusian, Fakultatearen zaindari Alberto Magnoren eguna ospatzeko egingo den ekitaldian, alegia. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek osatuko dute.

Lehiaketan 3.500 euroko lehenengo saria eta 1.500 euroko bigarrena egongo dira kontakizunetarako. Lanek gutxienez 15.000 eta gehienez 30.000 hitz izango dituzte. Era berean, 1.500 euroko beste sari bat ere eman ahal izango zaio EHUko kide batek aurkeztutako kontakizun onenari.

Lehiaketaren aurreko edizioan 64 kontakizun aurkeztu ziren, guztiak gaztelaniaz idatzita. Hainbat lekutatik bidali ziren: Argentina (7), Kuba (4), Mexiko (2), Peru (2), El Salvador (2), Txile (1), AEB (1), Alemania (1) eta Espainiako hainbat leku (44). Lanen artean aipagarria da EHUra atxikitako sei pertsonak parte hartu zutela.