EUSKADI.-ELA salatu du Jaurlaritzak "abuztuaren zain" egon daitekeela enplegu-erregukazio espediente gatazkatsuenak onartzeko

Actualizado: viernes, 24 julio 2009 12:55

BILBO, 24 Jul. (EUROPA PRESS) -

Joseba Villarreal ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak salatu du Eusko Jaurlaritzako Enplegu Saila abuztua iritsi zain egon daitekeela "gatazkatsu gerta daitezkeen" enplegu-erregulazio espediente batzuk onartzeko.

"Badakigu azken asteetan kontratuak eteteko zenbait dosier aurkeztu dela, eta Gemma Zabaleta buru duen Sailak ez du horiei buruzko erabakirik hartu. Beldur gara horiek onartzeko ez ote dagoen uztaila amaitu zain, horrela langileen protestak saihestuko direlakoan", adierazi du.

Villarrealen arabera, hori gerta daitekeelako susmoak izateko arrazoirik badago, eta ondorioz "alarma guztiak piztu dira, batez ere dosierrak onartzearekin batera kaleratzeak etor daitezkeelako". Hain zuzen ere, ELAko ordezkariak gogoratu du enplegua erregulatzeko dosierrak amaituta, kontratuak eteteko espedienteak sartzen hasi direla.

"Arazoa larriagoa da, kontuan izanik kaleratutako langileen langabezia-prestazioen zati bat dagoeneko janda dagoela. Eta egoerak okerrera egin dezake, administrazioa enpresa batzutan gutxiengo sindikalarekin negoziatzen ari delako", salatu du.

"Hasieran Zabaletak lupaz aztertuko zirela esanagatik, Enplegu Saila dosierrak onartzen ari da, ikuskaritzaren txostenen aurka. Aurreko taldearen irizpide berdinekin jokatzen dute; haiek ere lasai asko jarri zuten administrazioa patronalaren zerbitzura", gaineratu du.

Villarrealek ziurtatu du ELAk ez duela honelako egoerarik onartuko, eta "enpresetan borroka" egingo duela langileen eskubideen alde.