EUSKADI.-Elkarkidetzak 18 milioi euro banatu zituen iaz 3.833 onuradunen artean, aurreko urtean baino %5 gehiago

Actualizado: miércoles, 25 marzo 2009 18:00

BILBO, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Elkarkidetza Euskadiko Herri Administrazioko langileei zuzendutako Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak 18 milioi euro banatu zituen 2008. urtean jubilazio, ezintasun, alarguntasun eta zurztasun errentak jasotzeko eskubidea duten 3.833 pentsiodunen artean. Partaide guztien %13,1 diren onuradunen artean banatutako diru kopuruak %5eko hazkundea izan zuen iaz 2007an banatutako diru kopuruarekin alderatuz gero.

Bilboko Euskalduna Jauregian gaur bildu den Elkarkidetzaren Biltzar Nagusiak 2008ko kontuak eta kudeaketa txostena onetsi ditu. Erakundeak bere kide kopurua handitu du, eta horrela, gaur egun, 25.913 partaide eta 477 erakunde ditu, izan ere, joan den ekitaldian 1.078 partaide eta hamar erakunde eta korporazio berri sartu baitzituen, urte hasieran markaturiko helburuak betez, Jon Zabalia presidenteak eta Amaia Aldasoro presidenteordeak azpimarratu dutenez.

Biltzarrean aurkeztu diren datuak kontuan izanik, Elkarkidetzak %8,61eko errentagarritasun garbia lortu du 1986an sortu zenetik. Aldi horretan, erakundeak bere ondarearen erosketa ahalmenari eutsi dio, izan ere, KPIren %286ko errebalorizazioa lortu baitu denbora tarte horretan.

Kuotetatik sortutako diru-sarrerak 39,5 milioi eurokoak izan ziren joan den urtean, hau da, 2007an baino %10 gehiago, taldearen zati baten ekarpenak handiagoak izan baitira (%6tik %7ra).

Pentsiodunen taldeari ordaindutako jubilazioengatiko prestazioak 11 milioi eurotik gorakoak izan ziren; alarguntasunagatik ordaindutako prestazioak 2,9 milioi eurora heldu ziren, eta alarguntasunari, zurztasunari eta bestelakoei dagozkienak 1,6 milioi eurokoak izan ziren.

Elkarkidetzaren ondarea 610 milioi eurotik gorakoa da, eta erakundearen erreserbak %7,5 hazi ziren 2008an, 32 milioi euroak gaindituz. Estaldura tasa %121,52koa da, hau da, legez eskatutako gutxienekoa baino %17,52 gehiago.

INBERTSIOAK

Jon Zabalia Elkarkidetzako presidenteak adierazi du egungo finantz panoramaren barruan, elkarteak segurtasunari eman diola lehentasuna errentagarritasunaren aurrean. "Kapitala gordetzera bideratutako politika burutu dugu, asko murriztu dugu errenta aldagarrian eta beste aktibo batzuetan egindako inbertsioa, likideziaren mesedetan", azaldu du.

Horrela, Elkarkidetzak errenta aldagarrian zuen inbertsioaren portzentajea %13,48ra murriztu du, eta likidezian "nabarmen" hazi da. Joan den ekitaldian, erakundeak kudeaketa gastuak %0,5etik behera izateko zuen helburua bete du, eta, horrela, gastu horiek administratutako ondarearen %41ekoak izan dira.

Elkarkidetzak, bere Berrikuntza Planaren barruan, Erabateko Kalitate Sistema ezarri du: EFQM modeloa (European Fundation for Quality Model). Modelo horren helburua bikaintasunaren bilaketa eta Kudeaketaren Kalitatean "Zilarrezko Q-a" lortzea da.