EUSKADI.-Emakumeei buruzko bi jardunaldi egingo dira Ondarroan (Bizkaia) otsailaren 6an

Actualizado: martes, 26 enero 2010 19:06

BILBO, 26 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sareak "Oroimen historikoa eta feminismoa" eta "Emakumezkoen zein feminismoaren genero-aztarnak" jardunaldiak antolatu ditu otsailaren 6rako Ondarroan (Bizkaia). Izena emateko azken eguna otsailaren 1a izango da eta nahitaezkoa da izen-emateko fitxa betetzea eta Udal Berdintasun Sailean entregatzea, antolatzaileek gaur adierazi dutenez.

Ondarroako Kofradia Zaharrean egingo den ekintza hau Sareko parte-hartzaileek 2009ko martxoan Ermuan (Bizkaia) egindako topaketetan izandako eztabaidaren ondorioz sortu da, ekintza gehiago egiteko ikasleen proposamen asko jaso direlako. Orduan, Berdintasun Kontseiluen gainean oinarritu zen eztabaida eta bere balorazioa oso positiboa izan zenez, ildo horretatik jarraitu nahi izan du Ermua, Getxo, Basauri eta Ondarroako udalek osatzen duten Sarea.

Hausnarketa-jardunaldi hau goizeko 11:00etan hasiko da eta, aurkezpenaren ondoren, mahai-ingurua egingo da 11:15ean "Oroimen historikoa eta feminismoa" landuz, Miren Llonaren eskutik, eta "Feminismoaren zein emakumezkoen genero-aztarnak" jorratuz, Zaida Fernandezekin. Miren Llona Historian doktorea da eta Zaida Fernandez soziologoa, gizarte ikerlea eta Ermuko Emakumeen Asanbladako kidea.

Ekintzaren helburua emakumezkoen oroimen historikoa berreskuratzea da, denboran eta espazioan zehar. "Izan ere, emakumezkoek, belaunaldiz belaunaldi, hainbeste esanahi eta erabilera utzi dituzte, eta hala espazioetan nola denboran emakume talde desberdinek utzitako aztarna horien gainean jardungo dute gehienbat. Era horretara, Ondarroako aztarnak agerian jarri eta tokian tokiko genero-aztarnei erreparatzeko aukera emango da", azaldu dute.