EUSKADI.-Emakumezko futbolarien elikadura eta horrek kirol jardueran duen eragina aztertu du EHUn aurkezturiko tesi batek

Actualizado: lunes, 18 enero 2010 18:01

BILBO, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

Kirolari ona izateko, talentua eta prestaketa ez ezik, elikadura ere "oso garrantzitsua" dela frogatu nahi izan du Leyre Gravina ikertzaileak Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) aurkezturiko bere doktorego-tesian. Horretarako, Athleticeko emakumezkoen bi talde nagusien aldagelan sartu da, eta zer eta zenbat jaten duten ikusi du. Ohitura txar batzuk aldatuta gorputzak partidetan gutxiago sufritzea eta, ondorioz, kirolari hobea izateko aukerak handitzea lor daitekeela ondorioztatu du Gravinak.

Athleticeko emakumezkoen bi talde nagusietako jokalariak (Superligan eta Liga Nazionalean jokatzen dutenak) aztertu zituen Gravinak astebetez, haien elikadura-ohiturak nolakoak diren eta nola hobetu daitezkeen ikusteko. Astebeteko azterketa izan zen, eta partida jokatu aurreko egunetan, partidaren egunean bertan eta ondoren egin zitzaizkien probak.

Datu horiekin egin du bere tesia: "Estudio nutricional en mujeres futbolistas de élite y su relación con los cambios hematológicos, de estrés oxidativo y daño muscular tras jugar un partido de fútbol" (Goi-mailako emakumezko futbolarien elikaduraren azterketa, eta partida jokatzean hematologian, estres oxidatzailean eta kalte muskularrean izandako aldaketekin elikadurak duen lotura).

Tesiaren arabera, futbol partida jokatzeak gorputzean hamaika erreakzio eragiten ditu. Leukozito edo globulu zuriei dagokienez, esaterako, Gravinak ikusi du neutrofiloak ugaritu egiten direla ariketaren ondorioz, eta linfozitoak, berriz, urritu, eta linfozitoen faltak infekzioak errazten ditu. Horrez gain, nabarmentzekoak dira, besteak beste, bai kalte muskularra eta zelularra bai elektrolitoetan eta hormonetan izaten diren aldaketak.

Bestalde, Superligako jokalariek bigarren taldekoek baino antioxidatze-gaitasun handiagoa dute, oro har; gaitasun horrek eragiten du muskuluen kontrakzioa eraginkorragoa izatea, hanturak izateko arriskua txikiagoa izatea eta organismoek erradikal askeen toxikotasunari aurre egiteko ahalmena handiagoa izatea. Kontuan izan behar da, hala ere, haien gorputzak bigarren taldekoenak baino gehiago sufritzen duela partidetan; lehenengo taldekoek kalte zelular, globulu gorrien haustura, neke eta deshidratazio handiagoa jasaten dute.

Jarduera fisikoa egoki egiteko, ezinbestekoa da gorputzak bere funtsezko mantenugaiak edukitzea, eta hori, Gravinaren ustez, elikaduraren baitan dago.

Superligako taldearen elikadura-ohiturak bigarren taldearenak baino hobeak dira ikertzailearen iritziz. Proteina eta gantz gutxiago eta zuntz gehiago hartzen dute. Gainera, ariketa fisikoaren ondorioz kontsumitzen duten energiaren ehuneko handiena karbohidratoek osatzen dute, eta ez gantzek. Hala ere, ez talde bat ez bestea ez dira zuzen elikatzen.

Hasteko, ez dute nahikoa karbohidrato hartzen. Gainera, haien hidratazioa eskasa da, eta horrek frekuentzia kardiakoa handitzea eragiten du. Elektrolitoen portzentajeak ere desegokiak dira: potasio gutxiegi eta sodio eta kloro gehiegi (beharrezkoa halako bi) hartzen baitute. Gravinak gogorarazi duenez, potasioa funtsezkoa da oreka elektrolitikoa bermatzeko eta nerbio-transmisio egokia izateko, bai eta garraio aktiboa ahalbidetzen duten mekanismoentzat ere.

Bestalde, metabolismoa ahalbidetzen duten substantzien gabeziak ikusi ditu Gravinak. Bi taldeetako jokalariek azido foliko, D bitamina, kaltzio, iodo eta fluor gutxiegi dute, eta bigarren taldekoek magnesio-eskasia ere bai. Kirolarientzat mantenugai hauek oso garrantzitsuak direla gogorarazi du ikertzaileak: D bitamina, kaltzioa eta fluorra, hezurrentzat; iodoa, oro har, metabolismo-prozesuarentzat; eta magnesioa, funtzio muskularrari eragiten dioten zenbait prozesurentzat.

ELIKADURA ALDATU, ERRENDIMENDUA HOBETU

Kirol-errendimendua hobetzeko, elikadurari dagozkion neurriak har daitezkeela dio Gravinak, eta zenbait proposamen egin ditu. Esaterako, proteina, azido foliko eta C bitamina gehiago hartuz, globulu gorrien kopuruak gora egingo luke. Jarduera fisikoaren ondoriozko hanturari aurre egiteko, berriz, bitaminak, karotenoideak eta landare-jatorriko osagaiak hartzea komeni da.

Oxidatzea saihesteko, karbohidratoak eta zuntza edo bitamina eta landare jatorriko osagai jakin batzuk hartu behar dira. Kalte zelularra txikiagoa izan dadin, bestalde, zuntza eta karotenoak hartzea gomendatzen du, besteak beste. Hala, elikadura-estrategia berriei esker kirola egitean gorputzak jasaten dituen aldaketak arindu daitezkeela eta, ondorioz, kirol errendimendua hobetu daitekeela frogatu nahi izan du Gravinak.

Leyre Gravina Alfonso (Donostia, 1981) Biokimikan lizentziaduna da. EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Fisiologia saileko Susana Maria Gil Orozko eta Jon Irazusta Astiazaran irakasleen zuzendaritzapean egin du tesia. Gaur egun, ordezko irakaslea da sail horretan bertan.