EUSKADI.-Emakundek emakume eta gizonen berdintasunerako erakunde kolaboratzaile izendatu du Behargintza Txorierri zentroa

Actualizado: viernes, 20 febrero 2009 13:24

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Emakundeko zuzendari Izaskun Moyuak emakume eta gizonen berdintasunerako erakunde kolaboratzaile izendatzen duen bereizgarria eman dio gaur goizean Behargintza Txorierri zentroko presidentea den Bizente Artagoitiari. Bereizgarria 1994an eratu zen emakume eta gizonen berdintasunean aurrerapausuak emateko konpromisoa hartzen duten entitateek egindako lana aitortzeko eta dagoeneko 32 erakundek jaso dute.

Emakume eta gizonen berdintasunerako erakunde kolaboratzaile izateko beharrezkoa da enpresa barruan emakume eta gizonen egoera aztertzen duen diagnostikoa egitea, lehenik eta behin, eta, ondoren, ekintza positiborako plan bat diseinatu eta aurrera eramateko konpromisoa hartzea.

Ekintza positiborako plan honek zenbait helburu bete behar ditu, besteak beste, aukera berdintasunen aldeko politika bultzatzea langileak kontratatu, sustatu eta trabatzeko orduan; zuzendaritzako langileak eta langileen kontratatze lanak burutzen dituztenak aukera berdintasunean trebatzea; kontratazio, aukeraketa eta trebakuntza prozesuak aldian-aldian gainbegiratzea, hartu diren neurriak aplikatzen diren baieztatzeko; malgutasun bideak eskaintzea familia mailako ardurak dituzten langileei; eta emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna lortzeko bideak erraztuko dituzten informazio edota sentsibilizazio kanpainak egitea.

Emakume eta gizonen egoeraren diagnostikoa egiteko eta ekintza positiborako planak lantzeko, enpresek laguntza teknikoa eskatu dezakete eta horretarako homologaturiko entitate kontsultoreen bitartez eskaini ahal zaie. Emakundek, honetarako, urtero egiten du diru-laguntzen deialdia.