EUSKADI.-Enkarterrietako Museoak 12.239 bisitari jaso zituen 2009. urtean

Actualizado: lunes, 1 febrero 2010 12:07

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Batzar Nagusiek Enkarterrietako Museoa 1994. urtean zabaldu zutenetik, bisitari kopururik onenetarikoa izan zuen 2009. urtean. Urrestietako Batzar-etxean dagoan museoak 12.239 bisitari izan ziruen iaz, 8.387 taldeetan joandakoak eta 3.852 bere kabuz joandakoak, hain zuzen ere.

Museoaren arduradunek gaur jakinarazi dutenez, 2009. urtean zehar aldi baterako zenbait erakusketa egon ziren, Enkarterriko kulturaren eta historiaren inguruan egindako ikerkelan handiaren eskutik. Horrela, aldi baterako hiru erakusketa egin ziren. Lehenengo biak eskualde guztian zehar egon ziren burdinola ugariei buruzkoak izan ziren, eta erakusketa horietako bat XVIII. mendeko Mollinedoko burdinolan (Artzentales) aurkitutako piezak izan zituen erakusgai.

Beste alde batetik, Barakaldoren 700. urteurrenaren harira erakusketa egin zen, Ezkerraldeko hiriaren ibilbide historikoa eskainiz. Liburuak, osagai etnografikoak, kuadroak, marrazkiak eta Barakaldon aurkitutako edo bertako erakunde edo pertsonaiak asmatutako edo egindako pieza esanguratsuak izan ziren ikusgai, esaterako Lutxana auzoan egiten ziran Lube motor ospetsuak.

Gainera, hiru liburu argitaratu zituen Enkarterrietako Museoak 2009. urtean: Juan de Amesti Mendizabalen "Forja artística en Las Encartaciones de Bizkaia", Javier Barrio Marroren "Introducción a un estudio histórico y patrimonial de las ferrerías de Las Encartaciones" eta Txeru García Izagirreren "Barakaldo. Egileen begirada".

Era berean, zenbait ondare pieza bereganatu ditu museoak, batez ere dohaintzei esker eskuratutakoak, eta horien artean azpimarratzekoak dira Labarrietako Santa Kurtzeko elizan (Sopuerta) aurkitutako XVIII. mendeko horma-irudiak, galdu ez daitezen elizako hormetatik atara eta eraberritu eta gero.

Bestalde, museoaren Zabalkunde eta Kultur Ekintzetarako Zerbitzuak haur hezkuntzako eta DBHko ikasleei zuzenduriko hainbat heziketa-ekintza antolatu zituen. Horrela, Enkarterriko historia, kultura eta bizimodua ezagutzeko tailerrak egin ziren; horien artean, azpimarratzekoak izan ziren Historiaurreko eta Ertaroko tailerrak, El Pobaleko olarekin batera egindako ekintzak edo hitzaldi-aretoan prestatutako antzezlan txikiak, "Kontu-kontari" ekintzarenak.