EUSKADI.-Epailearen aginduz gidabaimena kenduta zuen gizon bat gidatzen harrapatu dute Gasteizen eta atxilotu egin dute

Actualizado: martes, 17 febrero 2009 13:53

GASTEIZ, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren Arabako Trafiko Unitateko agenteek 57 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Gasteizko kanpoaldean, bide segurtasunaren kontrako delitu bat egotzita. Izan ere, epailearen aginduz gidabaimena kenduta zuen atxilotuak eta gidatzen harrapatu dute, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gaur goizaldean, 2:00ak jota zirenean, N-1 errepidean, Gasteizen, trafikoaren zaintza eta segurtasunerako lanak egiten ari ziren Ertzaintzaren agenteek lur orotako ibilgailu bat geldiarazi dute hiriaren kanpoaldean kokatutako zerbitzugune baten parean.

Gidariari ibilgailuaren eta bere agiriak eskatzerakoan, agenteek egiaztatu dute ibilgailuak derrigorrezko azterketa teknikoa igaro ez zuela eta, hortaz, gidariari dagokion isunaren berri eman diote. Halaber, ertzainek jakin dute gidariak gidabaimena aldi baterako kenduta zuela epailearen aginduz, eta beraz, agenteek atxilotu egin dute bide segurtasunaren kontrako delitu bat leporatuta.

Jarraian, atxilotua polizia egoitza batera eraman dute dagozkion eginbideak burutzeko eta, aurki, agintaritza judizialaren aurrean agertu beharko da.