EUSKADI.-Erein eta "Donostia, Opera Prima" narratiba sariak banatuko dira gaur arratsaldean

Actualizado: martes, 17 marzo 2009 10:32

DONOSTIA, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Erein eta "Donostia, Opera Prima" narratiba sarien laugarren edizioaren irabazleak emango dira ezagutzera gaur arratsaldean, 19:30etan Donostiako udaletxean egingo den ekitaldian. Aurtengo lehiaketan aurkeztutako lanek "maila ona" eman dutela eta epaimahaiaren egitekoa ez dela erraza izango ziurtatu dute sariaren antolatzaileek.

Aurten aurkeztutako lanen kalitatea bat dator irabazleek jasoko duten diru sariarekin. Horrela, Erein sariaren irabazleak artelan bat eta 12.000 euro bereganatuko ditu eta "Donostia, Opera Prima" sariaren irabazleak berriz, artelan bat eta 4.500 euro. Aipatu sariez gain, Erein argitaletxeak eleberri irabazleak argitaratuko ditu apirilaren 23rako, Liburuaren Nazioarteko Egunerako.

Erein argitaletxeak eta Donostiako Euskararen Udal Patronatuak euskarazko literatura sustatzeko helburuarekin sortu zituzten narratiba sari horiek. "Donostia, Opera Prima" sarian, gainera, sustapen lan hori gazte eta inoiz lan bat argitara eman ez dutenen artean egin nahi da, 2009an 35 urte edo gutxiago dituenak, edota, edozein delarik bere adina, narratiba libururik argitaratu ez duenak parte hartu ahal dezake-eta.

Bi urtean behin antolatzen den sariketa da. Aurreko edizioan, 2007koan, Karlos Linazasoro tolosarraren "Diotenez" lanak lortu zuen Erein saria; "Donostia, Opera Prima" berriz, Aitziber Etxeberria Garrok irabazi zuen "31 baioneta" eleberriarekin; zarauztarrak bigarren aldiz eskuratu zuen sari hau, 2003an ere bera izan baitzen garaile "Tango Urdina" izeneko lanarekin.