EUSKADI.-Eroskik "Consumer Corpusa" eskainiko dio ostegunean Euskaltzaindiari

Actualizado: lunes, 18 enero 2010 18:51

BILBO, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eroski Fundazioak hizkuntza-aniztasunarekin duen konpromisoan aurrera egiteko, "Eroski Consumer" aldizkariaren corpusa sortu du, Elhuyar Fundazioaren eta Elekaren bitartez, eta Euskaltzaindiari eskainiko dio datorren ostegunean, goizeko 9:30etan, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.

Ekitaldian hiru erakundeetako ordezkari nagusiek hartuko dute parte: Andoni Sagarna euskaltzain osoa Agustin Markaide Eroskiko zuzendari nagusia eta Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia.

Eskaintzaren ondoren, "Corpusgintza gaur egun" izeneko mintegi bat emango dute zenbait adituk: Xavier Gómez Guinovart corpusgintzako adituak (Vigoko Unibertsitatea) testu-corpusei eta plangintza linguistikoari buruz hitz egingo du; Miriam Urkia (Euskaltzaindia) corpusgintzak hizkuntzalaritzan duen garrantziari buruz mintzatuko da; Igor Leturiak (Elhuyar Fundazioa) eta Edurne Martinezek (Eleka Ingeniaritza Linguistikoa) "Eroski Consumer Corpusa"-ren xehetasunak emango dituzte. Ekitaldia ordubeteko mahai-inguru batekin amaituko da.

"Consumer" aldizkariak azken 12 urteetan argitaratutako testu guztiak ditu oinarri "Eroski Consumer Corpusa"-k, eta eleaniztuna izango da, hau da, aldizkaria argitaratu den lau hizkuntzetan egongo da eskuragarri (euskara, katalana, galiziera eta gaztelania). Gainera, corpusa ahalik eta jende gehienak erabili ahal izateko, interneten kontsultatu ahal izango da.