EUSKADI.-Eroskiren "Energia Aurreztu" kanpainan parte hartu duten kontsumitzaileek urtean 759 euro aurreztu ditzakete

Actualizado: lunes, 30 marzo 2009 18:18

BILBO, 30 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eroskiren "Energia Aurreztu" kanpainan parte hartu duten kontsumitzaileen lehenengo ondorioetako bat izan da urtean batez beste 759 euro aurreztu ahal izatea energia-kontsumoan. Horietatik 459 euro berogailuari dagozkionak dira eta 300 euro elektrizitatearen kontsumoari. Gainera, orain arte kanpainan parte hartu duten kontsumitzaile guztiek isuritako CO2a 2.046 tona murriztuko da urteko; horietatik 1.267 tona berogailuari dagozkionak dira eta 779 tona elektrizitateari.

Alejandro Martinez Eroskiko Erantzukizun Sozialeko zuzendariaren hitzetan, "Eroski gustura dago kontsumitzaileek kanpainari erantzuteko moduarekin, web-tresnari begiratuta nahiz kontsumitzaile-eskoletara hurbildutakoen zenbatekoari begiratuta. Horiek argi erakusten dute badagoela gisa honetako ekimenak egiteko interesa eta premia".

Eroskiren kanpaina honetako jarduera nagusietako bat kontsumitzaile-eskola deiturikoak dira, "Itzali gastua, piztu aurrezpena" goiburua dutenak. Kontsumitzaileek 902 540 846 telefono-zenbakiaren edo ahorraenergia@eroski.es helbide elektronikoaren bidez eman dezakete horietan parte hartzeko izena.

Eskola horiek hainbat hiritan egin dira dagoeneko: Antequera (Malaga), Bilbo, Fuenlabrada (Madril), Logroño, Madril, Miranda (Burgos), Molina de Segura (Murtzia), Orihuela (Alacant), Osuna (Sevilla), Portugalete (Bizkaia), Donostia, Santander, Tarragona, Tomelloso (Ciudad Real), Gasteiz eta Zamoran. Laster, aldiz, honakoetan egingo dira: Durango (Bizkaia), Xixon (Asturias), Iruñea, San Javier (Murtzia), Usurbil (Gipuzkoa), Utrera (Sevilla) eta Valentzian.

Ordubete inguruko informaziorako saio hauek adituek ematen dituzte, kanpainan lankidetzan ari diren erakundeen babesarekin. Talde-dinamiketan oinarritutako saioak izaten dira eta horietan energiaren erabilera eraginkorrean sakondu ahal izango dute kontsumitzaileek.

"Energia Aurreztu" kanpainaren bidez, helburu hirukoitza duen prestakuntza-programa jarri du kontsumitzaileen esku Eroskik: kontsumitzaileak energiaren balioaz jabetzea, etxeko energia-kontsumoaren diagnostikoa egiteko tresna eskaintzea, eta etxeetako energia-eraginkortasuna hobetzeko aholkuak ematea.

Kanpaina horren baitan, kontsumitzaile-eskolez gain, Eroskik beste hainbat ekintza egin ditu, besteak beste, web-tresna bat jartzea (www.eroski.es/eu/energiaaurreztu), kontsumitzaileek aurrez ditzaketen euroak eta isurtzen duten CO2a kalkulatu ahal izateko.

Eroskik, Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren mendeko Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE), Energiaren Euskal Erakundearen (EEE), Ingurumenaren Kudeaketarako Euskal Sozietate Publikoaren (IHOBE), Institut Catala d'Energia-ren (ICAEN) eta Instituto Enerxetico de Galiciaren (INEGA) laguntza izan du kanpaina honetan.