EUSKADI.-Estatuko banda zabaleko operadoreen kalitate, abiadura eta fidagarritasunaren buru da Euskaltel, blog baten arabera

Actualizado: martes, 7 abril 2009 15:11

BILBO, 7 Abr. (EUROPA PRESS) -

Estatuan interneteko sarbide abiaduran kalitaterik onena eskaintzen duten operadoreen zerrendaren buru da Euskaltel -ONO, TeleCable eta R kable operadoreekin batera-, Banda Total blogak (www.bandatotal.com) egindako Interneterako sarbide-abiaduraren kalitate-monitorearen ondorioen arabera. Zehazki, 10etik 8,33 puntu eskuratu ditu Euskaltelek, eta kobre-pareko sare tradizionala erabiltzen duten ADSL operadoreek (Telefonicak, Ya.com-ek, Orangek eta Tele2k), berriz, ez dituzte 5 puntuak gainditu.

Euskalteleko iturriek jakinarazi dutenez, lehen aldia da monitore hori egiten dena, eta informazio alderagarria, fidagarria eta publikoa eskaintzea du helburu, metodologia ofizialarekin eskuratutako sarbidearen abiaduraren inguruko hainbat parametro (irizpide homogeneoak dituzten neurketa-mekanismoak) elkartuta. Operadoreek nahitaez Telekomunikazioetarako eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzara bidali behar dituzten datu ofizialak erabilita egin da txostena.

Txostenak "nabarmen" utzi du kable bidezko operadoreak -horien artean, Euskaltel- kobre-parean oinarritutako teknologia tradizionaleko (ADSL) operadoreen gainetik daudela interneteko eta banda zabaleko zerbitzuetan eskainitako abiaduren betetze-mailari dagokionez.

Azterlana egiteko, operadoreek azken urtebetean aurkeztutako datuak erabili dira. Arestian aipatutako idazkaritzak hiru hilean behin argitaratzen dituen datuetan agertzen diren bederatzi operadore hautatu dira. Interneteko sarbideko zerbitzuetan 30 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzten telekomunikazio-operadoreek zerbitzu horien kalitate-mailari buruzko informazioa eskuratu eta argitaratzeko betebeharra dute.

Euskaltelen arabera, "datu esanguratsua" da azterlana 2008ko ekitaldi osoari buruzkoa izatea; interneteko sarbideko zerbitzuan kalitate handia eskaintzen bazuen ere, urtarrilean banda zabaleko 200.000 bezero baino gehiagoren sarbideko abiadura areagotu zuen Euskaltelek. Azken belaunaldiko zuntz optikoko sareari esker, Euskaltelek bikoiztu egin du, bigarren urtez, banda zabaleko bezeroen sarbideko abiadura.

Otsailaren 1etik aurrera, Euskaltelen bezeroek sarbideko abiadura bikoitza dute oinarrizko modalitatean (2 Mb/s-koa). Bestalde, EAEko etxeetan ohikoena den modalitate ertainean, abiadura bikoitza dute bezeroek; segundoko 6 mega izatetik 12 izatera igaroko dira. Erabiltzailerik aurreratuenentzat, 20 Mb/s-ko modalitate berri bat sortu du Euskaltelek, eta 24 Mb/s-ren prezioa merkatu du; horrela, abiadurarik handienak eskuragarriago bihurtu ditu denentzat.