EUSKADI.-ETB-1eko ikus-entzunezko itzulpen-lanen azterketa egin du Euskal Herriko Unibertsitatean egindako tesi batek

Actualizado: martes, 2 febrero 2010 13:52

BILBO, 2 Feb. (EUROPA PRESS) -

Josu Barambones Zubiriak Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) egindako doktore-tesiak ETB-1eko ikus-entzunezko itzulpen-lanen azterketa egin du, ikus-entzunezko euskarazko itzulpengintzaren alorrean dagoen hutsunea bete nahirik. Lanaren izenburua "La traducción audiovisual en ETB-1: Estudio descriptivo de la programación infantil y juvenil" (ETB-1eko ikus-entzunezko itzulpengintza: haur eta gazte-programazioaren azterketa deskribatzailea) da, EHUtik jakinarazi dutenez.

ETB-1ena ez den eta 2006an emititu zen produkzioan oinarritzen da Barambonesen doktore-tesi hau eta, batez ere, denbora-tarte horretan euskarara bikoiztutako haur eta gazte-programazioa aztertzen du. Izan ere, ETB-1ek apustu garbia egiten du ikus-entzunezko genero horren alde.

Tesiaren zatirik berritzaileenetakoa da, beharbada, itzulitako eta jatorrizko testuetan erabili diren eredu linguistikoen alderaketa egitea. Konparaketa horretatik, Barambonesek ondorioztatu du fonetikoki euskarara bikoiztutako testuek nahiz jatorrizkoek Euskaltzaindiaren arauak erabiltzen dituztela ahozko irakurketarako. Dena den, jatorrizko testuek, zenbaitetan, bestelako ahoskera erabiltzen dute, ahozko hizkuntzatik hurbilagokoa, alegia.

Lexikoari dagokionez, itzulitako testuek hitz zintzoagoak erabiltzen dituztela ikusi du. Aitzitik, oso gutxi erabiltzen dira haur edo gazte-argotetako adierazpenak; izan ere, horietako asko gaztelaniatik eratorritako kalkoak dira. Itzulitako testuetan, Barambonesek adierazpen arrunten edo lagunarteko adierazpenen falta nabaritu du. Horrenbestez, jatorrizko testuak esamolde eta esaera gehiago dituela ikusi du eta, horiei guztiei esker, ikus-entzunezko testuak adierazkortasuna areagotu egiten du. Halaber, euskarazko adierazpen berriak sortzen direla nabarmendu du.

MORFOLOGIA

Morfologiari dagokionez, berriz, Barambonesek ikusi du itzulitako testuetan adierazpen estilistiko asko erabiltzen direla. Tesiaren egilearen esanean, adierazpen-mota horien erabilerak helburu didaktikoa du, eta ikus-entzunezko testuaren sinesgarritasunaren aurka doa.

Bestalde, itzulitako nahiz jatorriko testuek lagunarteko hizkera erabiltzen dute, hala nola hika forma. Hala ere, hika gehiago erabiltzen dute jatorrizko testuek; izan ere, pertsonaia gehienek forma neutroa bezala erabiltzen dute. Barambonesen ustez, baliabide hori da euskarak lagunarteko hizkuntzara hurbiltzeko duen tresnarik errazena.

Azkenik, sintaksiari dagokionez ikusi du itzulitako testuek kohesio-maila handiagoa dutela jatorrizko testuek baino. Bere esanetan, jatorrizko testuek ahozko erregistroaren antz handiagoa dute. Hala ere, itzulitako testuek nahiz jatorrizkoek harridura-markak eta interjekzioak erabiltzen dituzte. Izan ere, horiek guztiek narrazioaren intentsitatea mantentzen laguntzen dute, eta ikusleekiko erlazioa errazten.

Ikus-entzunezko itzulpengintza oso garrantzitsua bada ere, euskarazko telebistak lanean daramatzan 25 urteetan ez da ikerketarik egin arlo horretan. Horregatik, Barambonesen esanetan, litekeena da doktore-tesi honen ondorioek ikerketa-lerro berriak irekitzea euskarazko ikus-entzunezko itzulpengintzaren alorrean, jorratu gabeko ikerketa arloa baita, oraindik ere.

Josu Barambones Zubiria (Gasteiz, 1963) Ingeles Filologian lizentziatua da. Raquel Merino Alvarez eta Ibon Uribarri Zenekorta izan ditu tesi zuzendari, EHUko Gasteizko Letren Fakultateko Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazio sailekoak biak. Itzulpengintza eta Interpretazioa alorreko irakasle laguntzailea da Barambones.