EUSKADI.-Eudelek aintzatespena jaso du Europako Herri Administrazioen Praktika Onenen sarietan

Actualizado: viernes, 20 febrero 2009 12:22

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak aipamen berezia jaso du Europako Herri Administrazioen Praktika Onenen Sarien bosgarren edizioan. Sariak Madrilgo Erkidegoko Datuak Babesteko Agentziak antolatu ditu, eta Eudelek bi aipamen berezietako bat lortu du, datuak babestearen arloan egiten duen lanagatik. Eudelekin batera, Europako zenbait herrialdetako 17 proiektu izan dira hautagaiak.

Eudelen aintzatespena bere "Praktika Onen Gidaliburua"-rekin egiten ari den lanak ekarri du. Gida iazko ekitaldian argitaratu zen, Euskadiko tokiko erakundeei herritarren datuen kudeaketa eta optimizazioa errazteko helburuarekin, elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez.

Sariak gaur banatu dira Madrilgo Real Casa de Correos delakoan egindako topaketa europarrean; bertan, besteak beste, Italiak, Erresuma Batuak, Poloniak eta Belgikak hartu dute parte. Horietako bakoitzak datuak babestearen arloan daukan esperientziaren berri eman du.

Bere aldetik, Eudelek bere proiektua azaldu du, bai eta orain arte indarrean egon den bederatzi hilabeteetan, praktika onen gidaliburuarekin izan duen esperientzia ere.

Gidaliburuak kudeaketa praktikak, formularioak, dokumentazio ereduak eta maiz egiten diren galderetarako erantzunak proposatu eta eskaintzen ditu. Halaber, datuen babesarekin lotuta egunero sortzen diren egoerei erantzuna ematen dieten eredu praktikoak eta kasu konkretuak jasotzen ditu, bai eta jarraitu beharreko prozeduren eskemak ere.