Euskadi Europako batez bestekoaren gainetik dago BPGrekiko I+G gastuan

Actualizado: martes, 19 febrero 2013 11:48

BILBO, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoa, %2,06 tasarekin, 27 herrialdeen Europar Batasunaren (27-EB) batez bestekoaren (%2,03) gainetik da Barne Produktu Gordinarekiko (BPG) zientzia-ikerkuntza eta garapen teknologikoko (I+G) gastuan, Eustaten datuen arabera.

Lurraldeen artean bada alderik. Horrela, Gipuzkoa (%2,57) Europako batez bestekoaren gainetik dago, eta beste bi herrialdeekiko aldea handitu egin da, Bizkaian 2010eko %1,91tik %1,87 jaitsi baita, eta Araban %1,68tik %1,61era. Halere hiru lurraldeak Espainiako batez bestekoaren (%1,33) gainetik daude.

2011n, EAEn 1.366 milioi euro inbertitu ziren I+Gn, barne-gastua %0,4 hazi zelarik aurreko urtearen aldean. Gastuaren hazkunde hori Gipuzkoan bakarrik gertatu zen (%+2,3), 546 milioitik 559 milioira; Araban 171 miliotik 168 milioira jaitsi zen (%-1,9) eta Bizkaian (%-0,5) 643 milioitik 640 milioira. Bestalde, erkidegoan Bizkaia %46,8 da, Gipuzkoa %40,9 eta Araba %12,3.

I+G gastuak ez du hedapen handirik EAEn, eta 2011koa aurreko urteetakoaren tankerakoa izan da. Hiriburuak barne dituzten eskualdeetan eta Debagoienan 100 milioi baino gehiago inbertitu zen: Bilbo Handian 522 milioi, Donostialdean 263, Arabako Lautadan 149 eta Debagoienan 105. Denen artean Euskal AEko I+G gastuaren %76,1 egikaritu zuten, azken urteetako portzentajearen antzekoa. BPGren gainean gastu-portzentajerik handiena duena (%4,31) Debabarrena izan da, eta erkidegoko zein 27-EBko batez bestekoen gainetik daude Debagoiena (%4,26), Donostialdea (%2,70) eta Goierri (%2,63).

Araban I+G gastuaren %89 eskualde bakar batean egikaritu zen, Lautadan, alegia, 149 milioirekin. Bizkaian bi eskualde nabarmendu ziren: Bilbo Handia, gastu egikarituaren %81,5 (522 milioi) eta Durangaldea, gastuaren %9,2 (59 milioi). Gipuzkoan banatu zen gehien gastua eskualdeen artean, %90 lauren artean, hain zuzen: Donostialdeak 263 milioi (Gipuzkoako gastuaren %47,1); Debagoienak 105 milioi (%18,8); Debabarrenak 70 milioi (%12,5); eta Goierrik 64 milioi (%11,5).

Egikaritze-sektoreen arabera, Enpresan kontzentratu zen oraindik ere gastu-portzentajerik handiena, eta ondoren Goi mailako irakaskuntzan eta Administrazioan. Ezaugarriak ezberdinak izan ziren hiru lurraldeetan.

Horrela, Gipuzkoan gastu-portzentajerik handiena (%82,9), 463 milioirekin, enpresetan egin zen, eta ondoren Araban (%75,8, 127 milioi) eta Bizkaian (%70,0, 448 milioi).

Araban Administrazio Publikoa nabarmendu zen, gastu guztiaren %9,2rekin (15 milioi); Bizkaian (%7,9) eta Gipuzkoan (%3,1) txikiagoak izan ziren portzentajeak. Halaber, Bizkaian Goi mailako irakaskuntzaren egikaritza nabarmendu zen, gastuaren %22,1ekin (141 milioi); Araban %15,0 izan zen eta Gipuzkoan %13,9.

FUNTSEN JATORRIA

Bestalde, funtsen jatorriari dagokionez, I+Gn egindako 1.366 milioiko gastuaren %38,6 administrazio publikoek finantzatu zuten, enpresek %54,3 eta besteek (goi mailako irakaskuntzak, atzerriak) %7,1.

Bilbo Handiak eta Donostialdeak -I+G gasturik handiena egikaritu zutenek- jaso zuten administrazioaren aldetiko finantzaziorik handiena, %45,5 eta %48,5ekin, hurrenez hurren. Eskualde horiek izan zuten baita enpresa-finantzaziorik txikiena (%45,5 eta %42,1). Gastuan garrantzitsuak izan ziren beste bi eskualdeetan, Debagoienan eta Arabako Lautadan, enpresek %67,2 eta %53,4 finantzatu zuten, eta administrazio publikoak %23,7 eta %41,6, huurrenez hurren.

Enpresa sektoreko gastuari dagokionez -1.039 milioiko gastuarekin egikaritze sektore garrantzitsuena-, enpresek berek %69,1 (718 milioi) finantzatu zuten, funts propioekin eta beste enpresen ekarpenekin. Araban finantzatu zuten enpresek haiek egikaritutako I+G portzentajerik handienean (%72,2, 92 milioi). Portzentaje hau txikiagoa izan zen Bizkaian (%68,8, 308 milioi) eta Gipuzkoan (%68,5, 317 milioi).

Zientzia-diziplinetan, eta aurreko urteetan bezalaxe, Ingeniaritza eta teknologia izan zen gasturik handiena egikaritu zuena, (979 milioi, %71,7) eta pertsonarik gehien (18.558, 12.695 DOBen) enplegatu zituena.

Gipuzkoa nabarmendu zen, Ingeniaritza eta teknologia I+G gastuaren %79,1 izanik. Bizkaian gastuaren %65,9 izan zen, eta Araban %69,1. Ingeniaritza eta teknologiaren presentzia nagusi hau eskualde guztietan ikusi zen; salbuespena Arabako Mendialdea izan zen, non %100 zientzia mediko eta farmazeutikoetara joan zen.

Gainerako diziplinak: Zientzia zehatzak eta naturalak, 124 milioi, %10,4; Zientzia medikoak (farmazia barne), 127 milioi, %9,3; Nekazaritza zientziak (abeltzaintza, basogintza eta arrantza barne), 35 milioi, %2,6; Gizarte zientziak eta humanitateak, 84 milioi, %6,1.

ENPLEGUA

Bestalde, I+Gn ari diren pertsonak -dedikazio osoko baliokidetzan (DOB)-, 17.879,2 ziren EAEn 2011n, aurreko urtearen aldean %1,98 haziz. Kopuru horretan %63,1 ikertzaileak ziren, %28,5 teknikariak eta %8,4 laguntzaileak.

Araban 2.356 pertsona ziren (%1,19), eta horietatik %52,8 ikertzaileak; Bizkaian 8.192 langile zeuden (%-0,22), %67,3 ikertzaileak izanik; eta Gipuzkoan 7.332 zeuden (%4,83), ikertzaileak %61,7 zirelarik.

Araban ikertzaileen proportzioa txikiagoa izan zen, eta teknikariena (%35,8) handiagoa, Bizkaian baino 11 puntu gehiago eta Gipuzkoan baino 6 gehiago.

Bilbo Handia, Donostialdea, Arabako Lautada eta Debagoiena eskualdeek egikaritu zuten I+G gastuaren %76,1 eta bertan DOBn 13.586 pertsona aritu ziren -I+Gko guztien %76-, eta horietatik 8.828 ikertzaileak -guztien %78,2-.

EAEn, I+Gn lanean zeuden emakumeak 6.204 ziren (%34,7). Batez besteko horren gainetik zeuden Arabako mendialdea (%75), Lautada (%53,6), Bilbo Handia (%39,7), Donostialdea (%39,6), Markina-Ondarroa (%37,2) eta Gernika-Bermeo (%34,9).