EUSKADI.-Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroa Madariaga Dorretxeak Uraren Nazioarteko Eguna ospatuko du igandean

Actualizado: miércoles, 18 marzo 2009 17:41

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Busturian (Bizkaia) kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroa Madariaga Dorretxeak Uraren Nazioarteko Eguna ospatuko du igande honetan, eta adin guztietako pertsonei zuzenduriko ekintzak antolatu ditu. Helburua izaki bizidun guztientzat urak eta bere kontserbazioak duen garrantzia argitzea dela azaldu dute zentroko arduradunek.

Horrela, goizean, 12 urtetik gorako parte-hartzaileek Mundakako itsasadarraren bokal ingurutik kanoetan ibilalditxo bat egiteko aukera izango dute, horrela urak sortutako paisaiaz gozatuz. Txikienek aldiz, urari buruzko joko zientifikoekin eta eskulan tailerrekin ondo pasatzeko aukera izango dute. Goizeko azken ekintza "El sueño del agua" izeneko filmaren emanaldia izango da; bertan munduko herrialde ezberdinetako uraren arazoik eta horri aurre egiteko kultura ezberdinek asmatu dituzten irtenbideak azalduko dira.

Arratsaldean, jardunaldia bukatzeko, Busturiatik Forura ibilaldi gidatu bat egingo da, bertan itsasadarraren sorrera, erabilpen tradizionala, ingurune urtarrarekin lotutako jarduerak eta gizakiaren ondorioz jasandako eraldaketa azalduko dira, besteak beste.

Ekintza horietan parte hartzen dutenentzako Madariaga Dorretxeko erakusketa ezberdinetatik bisita gidatuak eskainiko dira, baina aurretik izena ematea beharrezkoa da, eta horretarako 946 870 402 telefonora deitu behar da.

Euskadiko Biodibertsitatearen Zentroa Madariaga Dorretxea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren esku dagoen Ihobe Ingurumen Jardueretarako Sozietate Publikoak kudeatzen du. Ihobe Euskal Autonomia Erkidegoko eragile guztiak mugiaraztea eta ingurumena eta pertsonen bizi kalitatea etengabe hobetzeko lan egitea du xede, betiere Eusko Jaurlaritzaren planekin, zuzentarauekin eta garapen iraunkorraren irizpideekin bat etorriz.