EUSKADI.-Euskal Autonomia Erkidegoan 18.845 lagun hil ziren 2008an, aurreko urtean baino 230 gehiago

Actualizado: jueves, 25 junio 2009 15:19

BILBO, 25 Jun. (EUROPA PRESS) -

Heriotzen behin-behineko datuen arabera, 2008. urtean 18.845 lagun hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 9.767 gizonezko eta 9.078 emakumezko, hain zuzen ere. Aurreko urteko behin-behineko datuen aldean, 230 heriotza gehiago izan ziren (%1,2 gehiago), Eustaten datuen arabera.

Joan den urteko behin-behineko datuekin, jaiotzak 2.328 gehiago izan ziren heriotzak baino, eta beraz, EAEko hazkunde begetatiboak joera positiboa du nabarmen. Hazkunde begetatiboa 889 pertsona izan zen Araban, 371 Bizkaian eta 1.068 Gipuzkoan.

Joan den urteko laugarren hiruhilekoan, EAEn 4.892 lagun hil ziren, 2007ko aldi berean baino %2,1 gutxiago. Lurraldez lurralde, iazko azken hiru hilabeteetan 583 lagun hil ziren Araban, 2.794 Bizkaian eta 1.515 Gipuzkoan.

2008an izandako heriotzetatik %30,1 (5.678) tumoreek eragin zituzten; jarraian zirkulazio sistemaren gaixotasunak kokatu ziren, %28,9rekin (5.450 hildako); hirugarrenik, urrunago, arnas-aparatuko gaixotasunak zeuden, heriotzen %10 eragin baitzituzten (1.887).

Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean. Gizonezkoen artean tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino, ehuneko 12 puntuz; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren.

2008an gertatutako heriotzen artean, 61 heriotza urtebetetik beheragoko haurrenak izan ziren: 32 mutiko eta 29 neskato. Bestalde, 100 urte edo gehiagoko 160 pertsona hil ziren: 18 gizon eta 142 emakume.