EUSKADI.-Euskal Autonomia Erkidegoko esportazioak %6,7 eta inportazioak %7,1 gehitu ziren 20008. urtean

Actualizado: miércoles, 8 abril 2009 13:39

BILBO, 8 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) esportazioetan 19.888,4 milioi euro lortu ziren 2008. urtean, hau da, 2007. urtean baino 1.254,1 milioi gehiago. Horrela, %6,7ko gehikuntza nominala izan zuten. Gainera, iaz inportazioak 20.102,3 milioi eurokoak izan ziren, 2007. urtean erregistratu ziren datuen aldean %7,1 altuagoak. Datu horrek kontrajarrita dauden osagai bi ditu: alde batetik produktu mineralen eta energetikoen inportazioak %25,5 gehitu ziren, baina bestetik produktu ez-energetikoen inportazioek %0,8 egin zuten behera.

Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak gaur jakinarazi dituen datuen arabera, 2008. urtean, EAEko ondasunen esportazioek Espainiako esportazioek (%3,7) baino "dinamismo handiagoa" izan zuten. Bestalde, Espainiako inportazioen uzkurdurak "nabarmenagoak izan ziren", eta %0,6 gehitu ziren.

EAEko 2008ko ekitaldiko merkataritza saldoak (esportazioak ken inportazioak) 213,9 milioi euroko defizita izan zuen, hau da, 2007. urtearen aldean 86 milioitan gehitu zen defizit hori. Ildo horretatik, esportazioen estaldura-tasak ehuneko sei hamarren egin zuen behera: 2007an %99,3koa zen eta 2008an %98,9koa. Bestalde, Espainiak 2008an %66,7ko estaldura-tasa eta merkataritzako defizit kronikoa zuen: 2008. urtean 94.000 milioi eurora helduta.

EAEra itzuliz, hemen, produktu ez-energetikoen saldoa aurreko urtekoa baino handiagoa izan zen: 2008. urtean 5.100,5 milioi euroko saldoa eta 2007. urtean 4.058,1 milioikoa. Produktu ez-energetikoen estaldura-tasak nabarmen egin zuen gora: 2007. urtean %131koa izan zen eta 2008. urtean %139,2koa.

Eremu geografikoak aztertuta, azpimarratzekoa da EAEko merkataritza saldoak izan zuen gorakada handia Europar Batasunarekin alderatuta; izan ere, 2007. urtean 2.624,3 milioi euroko superabita izan zuen eta 2008. urtean 3.519,6 milioikoa. Bestalde, estaldura-tasak ehuneko hamar puntu gehiagoko igoera izan zuen: 2007an %126koa zen eta 2008. urtean %136,3koa.

Produktu ez-energetikoen transakzioei dagokienez, egoera hobetu egin zen; 2007. urtean Europar Batasunarekin 3.443,0 milioi euroko saldo positiboa izan zen eta 2008. urtean 4.082,6 milioi eurokoa. Horrez gain, estaldura-tasa ere hobetu zen, 2007ko %139,1etik 2008ko %147,7ra.

Herrialdeka, EAEko esportazioen erdia baino gehiago bost herrialdek hartu zuten: Frantzia (%17,7), Alemania (%15,4), Ameriketako Estatu Batuak (%7,5), Italia (%6,7) eta Erresuma Batua (%5,4). Halaber, EAEko inportazioen erdia baino gehiago bost herrialdetatik dator: Errusia (%16,5), Alemania (%12,9), Frantzia (%9,9), Italia (%6,1) eta Txina (%5,6).

Produktuen araberako azterketan azpimarratu behar da sailkapenaren lehenengo hamarrek esportazio guztien %41 zutela. Besteak beste, horietariko hiru garraiorako materialaren muga-zergetan sartzen dira: ibilgailuen atalak eta osagarriak, salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak eta 5-10 pertsonarentzako turismoak; hauek guztira esportazioen %16,3 zuten. Sailkapenaren bigarren postuan petrolio olioen partida zegoen, produktu mineralen muga-zergaren barruan.

Bosgarren postuan kautxuzko pneumatiko berrien partida zegoen, plastiko eta kautxuen barruan. Metalen eta horien manufakturen atalak bere lau partidak sailkapenaren lehenengo hamarren artean kokatu zituen: burdinazko edo altzairuzko profilak, hodiak eta barrak. Eta, azkenik, zortzigarren postuan zeuden txorroten produktuak eta antzekoak, honako muga-zergaren barruan: makinak eta gailuak, material elektrikoa.

Muga-zergak kontuan hartuta, inportazio handienek portaera ezberdina izan zuten: produktu mineralek eta material elektrikoak %25,5eko eta %3,1eko hazkundea izan zuten hurrenez hurren, baina metalek eta horien manufakturak eta garraiorako materialak %1 eta %7,9 egin zuten behera.

LURRALDEAK

Lurraldeka, 2008. urtean esportazioen bilakaera oso homogeneoa izan zen hiru lurraldeetan: Gipuzkoan %8 gehitu zen esportazioen kopurua, Araban %7 eta Bizkaian %5,5.

Inportazioak aztertuz gero, lurralde bakoitzean bilakaera jakin bat eman zela azpimarratu behar da. Bizkaian inportazioek hazkunde handia izan zuten, %13,4koa, batez ere produktu mineralen (%26,2) eta material elektrikoen (%5,3) hazkundeak eraginda. Araban eta Gipuzkoan, aldiz, inportazio kopurua murriztu egin zen: %-2,4 eta %-2,6 murriztu ziren inportazioak, hurrenez hurren.

Araban garraiorako materialak izan zuen beherakada handiena (%-12,1), eta Gipuzkoan inportazioen beherakada orokorra izan zen, ez epigrafe bakarrari eragindakoa.