EUSKADI.-Euskal Egunaren zazpigarren edizioa ospatuko da ostiralean Getxon (Bizkaia)

Actualizado: miércoles, 13 mayo 2009 13:54

BILBO, 13 May. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udalak (Bizkaia) antolatutako Euskal Egunaren zazpigarren edizioa ospatuko da ostiral honetan. Aurten, Fadurako kiroldegian ospatzeaz gain, lehenengo aldiz Getxoko Musika Eskolan ere egingo dira zenbait jarduera. Bertan, 6 eta 12 urte bitarteko ikasleek 2008/2009ko ikasturtean zehar dantza, kanta eta bertsolaritza klaseetan ikasitakoa erakutsiko dute.

Fadura kiroldegiko jaia 10:00etan hasiko da udalerriko bederatzi ikastetxetako 1.078 haurren partaidetzarekin. Ikastetxeak eredu, auzo eta sare guztietakoak dira, eta aurten Europa ikastetxeak ere hartuko du parte lehenengo aldiz.

Umeek "San Petrike", "Esku-dantza" eta "Txulalai" bezalako dantzak egingo dituzte eta abestien artean, "Katuen testamentua", "Euskal Herrian Euskaraz" eta "Iluntzean" kantak abestuko dituzte.

2008-2009ko ikasturtean dantza klaseetan 1.899 eskola-umek hartu dute parte eta kanta klaseetan 745 ikaslek (11 eta 12 urtekoek).

Bestalde, Andres Isasi Udal Musika Eskolan 10:30etan hasiko da jaia, 300 gaztetxoren partaidetzarekin. Bertan, bertso-eskolako gaztetxoek antzerki saio bat eskainiko dute, ikasgeletan ikasleek prestatuko saioa izango da, bertso-jolasak egingo dira, "Balendin Txiki" III. Bertso-Paper Lehiaketako sariak banatuko dituzte eta bertso saioa izango da Ekhi Erremundegi, Odei Barroso eta Xabier Paya bertsolariekin.

III. Bertso-Paper Lehiaketako aurtengo gaia "Zure ustez nor da getxoztarrik famatuena?" izan da. Zortziko txikian erantzun behar izan dute parte-hartzaileek eta eskatutako horren irudia egin ere. Aurreko bi edizioetan 300dik gora bertso sorta izan ziren.

Bertsolaritza klasetan udalerriko eskolako eta ikastoletako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailako 781 gaztetxok hartu dute parte aurtengoan.