EUSKADI.-Euskal Herriko sindikatuek atxikimendua adierazi diote Korrika 16ri

Actualizado: viernes, 6 marzo 2009 18:31

BILBO, 6 Mar. (EUROPA PRESS) -

CC.OO., EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako ordezkariak Korrika 16rekin bat egiten dutela adierazteko elkartu dira gaur Korrika 16ren arduradun Edurne Brouard eta AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikarekin.

CC.OO.-ren izenean Jesus Uzkudun, ELArenean Leire Txakartegi, LABen izenenean Jagoba Zulueta, EHNErenean Ainhoa Iturbe, ESKrenean Josu Balmaseda, HIRUrenean Estitxu Ugarte eta STEE-EILASen izenean Arantza Fernandez de Garaialde bildu dira Korrika 16ri babesa agertzeko Bilboko Kalderapeko kulturgunean.

Korrika 16k zabaldu nahi duen mezua beren mezu bezala hartzen dutela eta euskaraz bizi nahi duen herrira datozen guztiei ongietorria ematen diotela adierazi dute sindikatuen eledun lanetan aritu diren Leire Txakartegik eta Jesus Uzkudunek.

AEK-k eta Korrikak euskararen normalizazioaren alde egiten dutela lan eta euskaldunok leku guztietan euskara erabiltzeko eta euskaldundu nahi dutenek euskara ikasteko aukera izatea dela euren erronka ere gogoratu dute sindikatuen ordezkariek.

Halaber, enpresetan garatu diren eta eskatu izan dituzten euskaratze planak "asko" direla eta lan hartu-emanak euskaraz izan daitezen lanean ari direla esan dute.

Sindikatuek deritzote "oso garrantzitsua" dela euskararen alde egiten den ekimen oro, eta Korrikak beren aldarrikapenekin bat egiten duela ere azpimarratu dute. "Korrikak gizabanakoaren eta erakundeen konpromisoari deia egiten dion moduan, sindikatuek ere gutariko bakoitzaren konpromisoari dei egiten diote gure lan lekuan, enpresan eta baserrian, jardunean, egunero-egunero, euskaraz jarduteko", adierazi dute.

"Euskarak, Korrikak bezala, pausoa arin eta gelditu gabe egin behar du aurrera, aurreraka ez doana atzeraka hasteko arriskua baitago. Horretarako, denok parte hartzea derrigorrezkoa da", azpimarratu dute Txakartegik eta Uzkudunek, elkartutako sindikatu guztien izenean.

Prentsaurrekoan egon diren sindikatuek ere Korrikari eta AEKri laguntasuna eta atxikimendua eskaini nahi izan dizkiete eta "langile eta baserritar guztiei Korrika laguntzaile egin daitezen" eskari berezia luzatu diete. Bide batez, Tuteran martxoaren 26an hasi eta Gasteizen apirilaren 5ean bukatuko den 16. Korrikan parte hartzeko deia egin diote gizarte osoari.