EUSKADI.-Euskal taldeek 13 antzezlan estreinatuko dituzte Leioako (Bizkaia) Umore Azokan, ostegunetik igandera bitartean

Actualizado: martes, 19 mayo 2009 20:19

BILBO, 19 May. (EUROPA PRESS) -

Asteazkenetik igandera bitartean ospatuko den Leioako (Bizkaia) Umore Azoka - Kaleko Artisten Azokan parte hartuko duten euskal taldeek beren ikuskizunak aurkeztu dituzte gaur. Guztira, euskal taldeek 13 obra estreinatuko dituzte kale antzerkiaren hitzordu honetan.

Aurkezpena Bilbon egin da eta bertan izan dira Umore Azokako koordinatzailea den Alberto Garcia, Leioako Udaleko Kultur Arloko zuzendaria den Ana Lopez, eta Ados Teatroa, Debote Enbote, Jon Zabal, Ganso Clown & Cia, Kukubiltxo, La Pez eta Teatro Salitre taldeetako kideak, azokan estreinatuko dituzten ikuskizunak aurkezteko.

Ana Lopezek konpainiak Umore Azokako "benetako protagonistak" direla adierazi du, haiek hautatzen baitute Leioako Umore Azoka beren proposamenak aurkezteko. "Guretzat ohore bat da, eta Leioa ikuskizunak aurkezteko erakustoki aproposa bilakatu dela adierazten du", esan du.

Guztira 53 ikuskizun aurkeztuko dira Leioako X. Umore Azokan, hauetatik 18 euskal sortzaileenak, eta hauen artean 13 estreinaldiak izango direla. Aurkezpenean izandako konpainien ikuskizunez gain, Kukai dantza taldea, Pikor Teatro, Atropecias, Los del Tercero eta Trapu Zaharra taldeak ere izango dira Leioan euskal ordezkaritzari dagokionez.