EUSKADI.-Euskal Trenbide Sareak Donostialdeko metroari buruzko jardunaldiak antolatu ditu datorren asterako

Actualizado: viernes, 26 febrero 2010 12:21

DONOSTIA, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundeak Donostialdeko metroari buruzko jardunaldiak antolatu ditu martxoaren 1erako eta 2rako, Donostiako Miramar Jauregian. Jardunaldien helburua da, antzeko ezaugarriak izanik, horrelako azpiegitura bat jarri eta arrakasta izan duten herrien esperientziaren berri ematea, antolatzaileek adierazi dutenez.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak eta Odon Elorza Donostiako alkateak inauguratuko dituzte jardunaldiak. Ondoren, nazioarteko adituak metroa jarri duten tamaina bertsuko hirien esperientziaz mintzatuko dira, eta prozesuaren, giltzarrien, ezaugarrien eta emaitzen xehetasunak azalduko dituzte.

Gainera, Bilboko metroari buruzko ponentzia bat izango da, eta azkenik, Donostialdeko metroaren informazio-azterlana idatzi dutenek, UITP enpresakoek, metro horren ezaugarriak ezagutaraziko dituzte.

Jardunaldietan hartuko dute parte Vincenzo Orazzo, Napoliko (Italia) Metronapoli SPAko Eragiketa eta Mantentze Lanen Saileko zuzendariak, Iñaki Prego Metro Bilbaoko kontseilari delegatuak, Pedro Puig-Pey (ETT) Equipo de Técnicos en Transporte y Territorio, S.A.ko kontseilari delegatua eta Azterlanen Saileko zuzendariak, Michael S. David, Marylandeko (AEB) Garraio Administrazioko Zirkulazio Operazioetako administratzaile-laguntzaileak eta Marc Herkenrath LRTC, Light Rail Transit Consultants GmbH enpresako Sistema-konponbideen atalburua. Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lanetako sailburuorde Ernesto Gascok emango die amaiera jardunaldiei.