EUSKADI.-Euskalmeten astebururako eguraldiaren iragarpena

Actualizado: viernes, 13 marzo 2009 18:00

BILBO, 13 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren irragarpenaren arabera, zeruak goibeltzera joko du bihar arratsaldean. Hala ere, goiz partean giro argia nagusituko da, erdi-mailako hodeien eta goi hodeien multzoak agertzen hasiko diren arren.

Eguerditik aurrera iparraldeko haizeak hodeiak bultzatuko ditu itsasotik eta zerua lainotzen joango da. Azken orduetan estali samar geratuko da eta kosta partean tantaren bat botatzeko arriskua egongo da. Hodeiek oztopo egingo diote tenperaturari eta 18 gradutik behera kokatuko da ordurik epelenetan.

Igandean eguzkia nagusituko da berriro. Goizaldean oraindik hodei ugari agertuko da eta ez da baztertzen Kantauri isurialdean zertxobait busti dezakeenik.

Goizean bertan zeruak garbitzera egingo du eta eguerdirako eguzkia jaun eta jabe izango dugu. Hala ere, ekialdeko haizeak giroa aurreko egunean baino freskoago mantenduko du eta beroenak 15 gradutik ezin pasa ibiliko dira.

ITSASOA

Bihar mendebaldeko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, ipar-mendebaldeko norabidea nagusituz arratsaldean, eta itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1-1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua 4 eta 10 kilometro artean kokatuko da bihar. Itsasgorak 5:17an eta 17:31n izango dira, eta itsasbeherak 11:23an eta 23:38an.

Igandean, ipar-ekialdeko haizeak, 2-3ko indarrarekin, itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1-1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua 10 kilometrotik gora kokatuko da igandean. Itsasgorak 5:51n eta 18:05ean izango dira, eta itsasbehera 11:57an.