EUSKADI.-Euskalmeten astebururako eguraldiaren iragarpena

Actualizado: viernes, 26 febrero 2010 18:27

BILBO, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar hego/hego-mendebaldeko haizete gogorra izango dugu. Eguerditik aurrera indartuz joango da. Arratsalde-gauetik aurrera haize-bolada maximoek 100 km/o-ko abiadura gainditu dezakete ia lurralde osoan eta 120-140 km/o-koa haizeguneetan, bereziki mendian.

Zerua goibel agertuko da egun guztian, eta goizean euri txikia egingo du eta gauetik aurrera noizbehinka zaparrada ertainak botako ditu. Tenperaturak hego-haizearen laguntzaz gora egingo du berriro.

Itsasoan hego-osagaiko haizea izango da 4-5 ko indarrarekin. Lehenengo bi milietan itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du eta gainontzeko lekuetan itsaskirria edo itsaskia. Arratsaldean haizea zakartuz joango da, eta arratsalde-gauean 6-7-ko indarrarekin ibiliko da. Lehenengo bi milietan itsaskirria edo itsaskia eragingo du eta gainontzeko lekuetan itsaskia edo itsaski handia. Mendebaldeko hondoko itsasoak 1-1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu goizean, gauean bi metrora igoz.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro artekoa izango da. Itsasgorak 2:07an eta 14:40an izango dira, eta itsasbeherak, 8:27an eta 20:27an.

IGANDEA

Igandean hegoaldeko haize zakarrarekin hasiko dugu eguna, baina goizak aurrera egin ahala, pixkanaka-pixkanaka indarra galduz joango da. Goizaldean haize-ufadek 100-120 km/o-ko abiadura gainditu dezakete puntu askotan.

Eguneko lehen orduetan zaparrada batzuk botako ditu, Kantauri isurialdean bereziki. Eguerdirako zerua txukunduz joango da eta hodeiarte zabalak irekiko dira. Tenperatura maximoak larunbatekoak baino 2-3 gradu baxuagoak izango dira.

Itsasoan, mendebal-osagaiko haizeak, 6-7ko indarrarekin goizaldean, itsaso zakarra edo itsaso oso zakarra eragingo du. Goizean zehar haizea ahulduz joango da, 4ko indarra hartu arte eta itsaskia eraginez. Mendebaldeko hondoko itsasoak 4-4,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu, goizean zehar jaitsi, eta arratsaldean 3-3,5 metro artekoak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 2:56an eta 15:26an izango dira, eta itsasbeherak, 9:13an eta 21:11n.