EUSKADI.-Euskalmeten biharko eguraldiaren iragarpena

Actualizado: miércoles, 20 enero 2010 18:25

BILBO, 20 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar eguraldi lasaia espero da. Ez du euririk egingo eta hego-haize ahula eta epela ibiliko da. Goizean ostarte batzuk zabalduko dira zeruan eta eguzkia ikusteko aukera edukiko dugu, baina arratsaldetik aurrera giro goibelagoa espero da, mendebaldetik hodeiak ugarituko baitira.

Tenperatura maximoek ez dute aldaketarik jasango. Goizaldean zabaldu daitezkeen ostarteei esker, baita haizearen indar txikiari esker ere, barnealdean tenperatura minimo hotzak espero dira eta han eta hemen izotza egin dezake.

Itsasoan, hego-osagaiko haizeak, 3ko indarrarekin, lehenengo bi milietan itsaso kizkurra eragingo du, eta gainontzekoetan itsaskirria. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2-2,5 metroko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 6:51ean eta 19:19an izango dira, eta itsasbeherak, 00:47an eta 12:59an.