BILBO, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, gaur barealdi txiki bat izango dugu, eta zeruan hodeiak izango dira baina ostarte handiak ere bai, eguerdian bereziki.
Norabide aldakorreko haize ahul-bizia ibiliko da, baina azken orduetan hego-mendebaldera aldatu eta indarra hartuko da. Tenperatura gradu pare bat igoko da; goizaldean, aldiz, izozte ahulak izango dira Arabako eta Nafarroako hainbat puntutan.
Itsasoan, norabide aldakorreko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, eta itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Gauean hego-mendebaldekoa finkatuko da eta 4ko indarra hartuko du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1-1,5 metro arteko olatuak altxatuko ditu.
Uraren tenperatura 11 gradukoa da eta ikus-eremua 10 kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 7:15ean eta 19:35ean izango dira, eta itsasbehera, 13:22an.