EUSKADI.-Eusko Ikaskuntzak Alberto Garai kultur sustatzailea gogoratzeko ekitaldi bat egingo du gaur Gasteizen

Actualizado: martes, 21 julio 2009 12:48

GASTEIZ, 21 Jul. (EUROPA PRESS) -

Eusko Ikaskuntzak ekitaldi bat antolatu du gaur arratsalderako Gasteizen, Alberto Garate kultur sustatzailea gogoratzeko bere heriotzaren lehenengo urteurrenean. Omenaldia 19:00etan hasiko da, Eusko Ikaskuntzaren Gasteizko egoitzan. Alberto Garate 2008ko uztailaren 17an hil zen.

Eusko Ikaskuntzatik adierazi dutenez, Zuzenbide, Ekonomia Zientzia eta Historia lizentziaduna zen Alberto Garate, eta gaztetatik kultur jarduera anitzetan inplikatu zen. Aktiboki lankidetzan aritu zen Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzarekin; azken honetako diruzain eta Batzorde Eragileko kide eta Auñamendi Entziklopediako eguneratzearen koordinatzaile izan zen, eta azken proiektu honetan aritu zen lanean bere bizitzako azken egunera arte.

"Alberto Garate izaera liberaleko gizona zen, gizarte ireki eta ideologikoki pluralen defendatzailea, eta kultura eta herri guztiak maite zituen", gogoratu dute Eusko Ikaskuntzatik.

Arabako Eusko Ikaskuntzako presidenteordea den Federico Verasteguik aurkeztuko du ekitaldia eta bertan Garateren ibilbidearen alderdi desberdinak ondo ezagutzen dituzten pertsonek hartuko dute parte: Carlos Caballero (Alberto Garate y su trayectoria politica);

Ricardo Cierbide (Alberto Garate y su faceta de investigador); Pedro Ignacio Gonzalo-Bilbao (Alberto Garate y el asociacionismo cultural);

Felix Maraña (Alberto Garate y la literatura); eta Mª Nieves Urrutia (Alberto Garate y Eusko Ikaskuntza). Gainera, Euskomedia Fundazioak egindako bideo bat eskainiko da. Sarrera doan izango da.