EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzak 20.363 etxebizitza birgaitzeko laguntzak eman zituen 2009. urtean

Actualizado: lunes, 18 enero 2010 18:15

BILBO, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak ezohiko plan bat onartu zuen 2009ko ekainaren hasieran, ekonomia suspertzeko neurrien barnean, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntzetarako. Planak 22 milioi inguruko aurrekontua zeukan, hau da, ordura arte zeuden 12 milioiak baino hamar milioi gehiago. Gainera, beste laguntza-ildo batzuetan aurrekontu-saldoak zeudela aprobetxatuz, beste 288.044 euro gehiago bideratu ahal izan ziren gastuetarako, eta birgaitzeko diru-laguntzei dagokienez iaz gauzatu den gastu erreala 22.288.044 euroko izan zen, 20.363 etxebizitza birgaitzen lagunduz.

Araban, 3.297.110 euroko diru-laguntzak eman ziren, eta 3.120 etxebizitza birgaitu; Bizkaian, emandako diru-laguntzen zenbatekoa 10.357.369 eurokoa izan zen eta 10.651 etxebizitza birgaitu ziren; Gipuzkoan eman ziren diru-laguntzen zenbatekoa 8.633.565 eurokoa izan da eta 6.592 etxebizitza birgaitu ziren. Birgaitzeari dagokionez, 2009an gauzatu ziren eta diru-laguntza horiek lagundu zituzten inbertsioen zenbatekoa 380,1 milioi eurokoa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan.

Diru-laguntza horiei lotutako birgaitzeetarako inbertsioen aurrekontua ia 49,4 milioi eurokoa izan zen Araban; Bizkaian, birgaitzeko inbertsioen zenbatekoa 184,8 milioi euro ingurukoa izan zen; eta Gipuzkoan, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko egin ziren inbertsioen kopurua 145,9 milioi euro ingurukoa izan zen.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren helburua zen 2009rako hasiera batean aurreikusita zeuden diruz lagundutako 13.000 jardunetatik 20.000 jardun ingurura igarotzea, eta helburu hori "soberan" bete zen. Horrela, etxebizitzak birgaitzeko 6.000 obra berri sortu ziren. Hortaz, "oso ekimen arrakastatsua izan da, helburuak soberan gainditu baitira", adierazi dute Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailetik.

Etxebizitza Sailak, udalen laguntzarekin, birgaitze-politika sustatu nahi du herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta gremioen ekonomia-jarduera bultzatzeko, baita higiezin zaharkituak eta hiri-ingurune andeatuak berreskuratzeko ere, "Hiriber" Programaren barruan. Programa hori laster onartuko du Jaurlaritzak.

Gaur egun, 80.000 etxebizitza inguru daude egoera txarrean. Horregatik, Sail honen asmoa da datozen urteetan merkatura ateratzen diren etxebizitza publikoen zati bat higiezin birgaituak izatea, edo gaur egun andeatuta dauden eremuetan eraikitzea etxebizitza horiek.

BALANTZE "OSO POSITIBOA"

Etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeari dagokionez, jardunei buruzko ezohiko planak birgaitze bakaneko laguntzak (norbanako batek eska ditzakeen laguntzak bere etxe barruko edo kanpoko edozein eremu modu independentean konpontzeko) eta birgaitze integraturako ematen diren laguntzak (partikular batek konponketa bat egiteko eska dezakeen laguntza, hiri-birgaitzerako plan nagusiaren barnean) parekatzen zituen.

Portzentajea nahiz gehieneko zenbatekoa parekatzen ziren. Jardun bakanei dagokienez, batez besteko igoera portzentajezko 15 puntukoa izan da, eta %40tik %50era bitartekoa gehieneko zenbatekoei dagokienez. Horretaz gain, planak ekarri du laguntza horiek baliatzeko aukera duten familien kopurua handitzea, eskatzen den gehieneko errenta 21.000 euro izatetik 35.000 euro izatera igaro baita.

Planak %50 igotzen zituen etxebizitzaren elementu komunetan birgaitze-obra bakanei ekiten zieten jabeen erkidegoentzako diru-laguntzei ematen zitzaizkien laguntzak. Hau da, laguntza 2.000 eurokoa izatetik 3.000 eurokoa izatera igaro zen.

Etxepekoen erkidegoei ere igo zitzaizkien diru-laguntzak Eraikinen Azterketa Teknikoei buruzko Txostenak egiteko. Laguntzaren zenbatekoa 1.000 eurokoa izan zen, eta eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzea kontuan hartu duen birgaitzea bultzatu zen.