EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko aparteko plan bat onartu du, 22 milioi euroko aurrekontuarekin

Actualizado: viernes, 5 junio 2009 16:37

BILBO, 5 Jun. (EUROPA PRESS) -

Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko jardueretarako aparteko plan bat onartu du, ekonomiari bultzada emateko Eusko Jaurlaritza hartzen ari den neurrien artean. Plana aurrera ateratzeko 22 milioi inguruko aurrekontua izango da.

Etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko jardueretarako aparteko planak parekatu egiten ditu Eusko Jaurlaritzak familia eta jabekideen erkidegoei birgaitze isolaturako ematen dizkien laguntzak birgaitze integraturako ematen dituenekin, ehunekoari dagokionean eta gehieneko diru kopuruari dagokionean. Jarduera isolatuetan, batez beste, %15eko igoera ekarriko du laguntzetan, eta gehieneko diru kopuruetan %40 eta %50 arteko igoera.

Horrela, birgaitze isolatuetarako eta birgaitze integratuetarako ematen diren diru-laguntzak parekaturik geratuko dira. Egun, isolaturako %80 inguru bideratzen da, eta integraturako, %20.

Planari esker familia gehiagok eskuratu ahal izango dituzte laguntzak, horretarako gehieneko errenta 21.000 eurokoa izatetik, 35.000 eurokoa izatera pasako baita, hain zuzen ere, babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko onartzen den gehieneko errenta bera.

Gainera, %50 gehiago emango da, jabekideen erkidegoek eraikinetako elementu komunetan birgaitzeko jarduera isolatuak egin ditzaten, hau da, orain arte diru-laguntza 2.000 eurokoa bazen, aurrerantzean 3.000 eurokoa izango da. Jarduera integratuetan lehengo diru kopuru berari eutsiko zaio, hots, 3.000 euro.

Eraikinetan ikuskapen teknikoko txostenak egiteko jabeen erkidegoentzako laguntzak ere gehitu egin dira, eta laguntza 1.000 eurokoa izango da. Eraikinen efizientzia energetikoa hobetzen duten birgaitze-lanak ere bultzatuko ditu Jaurlaritzak.

Hiru asteko epean, gutxi gorabehera, diru-laguntzak arautzeko sailburuaren agindua izapidetu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Nolanahi ere, plana gaur jarriko da indarrean eta 2009ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango da edota aurrekontuetan horretarako gordetako funtsak agortu arte. Egun izapidetzen ari den espedienteetan diru-laguntzak ofizioz aplikatuko dira.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren helburua da, aurreikuspenen arabera, 2009an diruz laguntzekoak ziren 13.000 jardueretatik 20.000 jardueretara iristea. Horrela, etxebizitzen birgaitzeen arloan 6.000 obra berri gehiago egingo lirateke.

"Beraz, neurri honek ekonomia biziberritzen, enplegua sortzen eta, batez ere, enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen jarduna suspertzen lagunduko du, eta kontuan izan behar da sektore horiek ikaragarri ari direla nozitzen egungo krisi egoera", adierazi dute Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailetik.