EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza-programa onartu ditu garraio sektorearentzat, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko

Actualizado: martes, 14 julio 2009 15:47

GASTEIZ, 14 Jul. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak garraio sektorearentzako laguntzak ezartzen dituzten sei agindu onartu ditu gaurko bileran. Garraio sektoreko zerbitzuaren kalitatea hobetzea bilatzen dute gaur onartutako laguntza-programak.

Alde batetik, Jaurlaritzak 100.000 euro zuzenduko ditu salgaien errepideko garraio publikoaren arloan enpresa-kontzentraziorako laguntza-programara. Halaber, 200.000 euro erabiliko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan salgaien errepideko garraio publikoaren arloko elkarte profesional eta enpresarialentzako laguntzetara.

Gainera, beste 100.000 eurorekin hornituko da Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan teknologia berriak jartzeko laguntza-programa. Programa honen bidez, salgaien eta bidaiarien garraiorako ibilgailuetan teknologia berriak jartzea bultzatuko da, zerbitzu seguruagoa, hobea, gardenagoa eta arinagoa emateko.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan kalitatezko kudeaketarako eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak jartzeko laguntza-programa bat ere onartu da, zerbitzua ematerakoan segurtasuna, kalitatea, gardentasuna eta arintasuna areagotzeko. Programa honetara 30.000 euro zuzenduko dira.

Gainera, 100.000 euro erabiliko dira Euskal Autonomia Erkidego barruan bidaiarien garraio publikoan diharduten automobiletan lokalizaziorako eta kontrolerako ekipamendu eta elementuak jartzeko laguntzetara. Programa honen xedea da bidaiarien garraiorako baliatzen diren automobilak modernitzatzea, garraio-zerbitzuen kalitatea hobetzeko.

Diru-laguntza horiek guztiak hiriko eta hiriarteko bidaiarien garraio publikoan automobilarekin jarduteko lizentzia edota baimenak dituzten titularrak biltzen dituzten sozietate, federazio, elkarte profesional, kooperatiba eta merkaturatzeko sozietateek eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta plantillan 250 langile baino gutxiago badituzte.

Azkenik, salgaien garraio konbinatua sustatzeko laguntzetarako 150.000 euro erabiliko dira. Laguntza-programa horren bitartez, errepideko salgaien ibilgailu astunetatik karga itsasora eraman nahi da, ahal den neurrian euskal errepide-sarean kamioi astun gutxiago ibiltzeko.