EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzako Artxandako tunela eraikitzeko lanak esleitu ditu, 20 milioi euroko aurrekontuarekin

Actualizado: martes, 28 julio 2009 18:18

Ola-Sondika saihesbidearen informazio azterlanaren idazketa ere esleitu da, 328.000 euroko aurrekontuarekin


BILBO, 28 Jul. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareak (ETS) Artxandako tunelaren eraikuntza lanak esleitu ditu. Bilbo eta Loiuko aireportua trenez lotzeko lehen pausoa izango da. Esleipena Construcciones Murias enpresari esleitu zaio 20.045.001,49 euroren truke (BEZ aparte) eta obra burutzeko epea 28 hilabetekoa izango da. Lehiaketara 28 enpresa aurkeztu ziren, haietako batzuk enpresen aldi baterako batasunetan bilduak. Horrela, guztira 15 eskaintza aurkeztu ziren.

ETS-ko iturriek jakinarazi dutenez, 1.876 metroko luzera eta bide bikoitza duen Artxandako tunel berriari esker gaur egungo trenbide lineak dituen mugak gainditu ahal izango dira. Gaur egungo trenbide lineak, bide bakarra izateaz gain, 200 metrotik beherako erradioa duten bihurgunez beteriko trazatu desegokia du. Horrek asko mugatzen du trenek har dezaketen abiadura.

Azpiegitura berriak aukera emango du etorkizunean Loiuko aireportuarekin lotu ahal izateko, hamar minutu baino gutxiagoan, Zazpi Kaleetako geltokitik. Bertan, Bilboko trenbide metropolitarreko 1., 2. eta 3. lineak hartu ahal izango dira. Hori dela eta, askoz errazagoa izango da Txorierriko eskualdera joatea eta inguru hori trenbidez egituratzea.

Horrela, etorkizunean joan-etorri zuzenak egin ahal izango dira Txurdinaga eta Txorierri artean, bidaiak egin ahal izango dira Durango eta aireportuaren artean, edo Gernikatik Zamudiora joan ahal izango da, garraio aldaketarik gabe, erabiltzaileentzat horrek dakarren erosotasunarekin eta denboraren aurrerapenarekin.

OLA-SONDIKA SAIHESBIDEA

Halaber, Ola-Sondika saihesbidearen informazio azterlanaren idazketa ere esleitu da. Loiuko aireportuarekin egongo den loturaren hurrengo faseak trenbidea Sondikaraino bikoiztea eta Ola auzoan geltoki berria eraikitzea aurreikusten du.

Eusko Jaurlaritzak, ETS bitartez, Ola-Sondika saihesbidearen informazio azterlanaren idazketa Esteyco-Esteyco Gernika enpresen aldi baterako batasunari esleitu dio, 328.125,00 euroren truke (BEZ aparte), 12 hilabeteko epean egiteko. Lehiaketara, esleipena lortu duen eskaintzaz gain, beste 16 eskaintza aurkeztu dira.

Jarduera horren barruan trenbide trazatuko 1.900 metro burutuko dira Ola auzoa eta Sondika artean. Lan horren barruan Ola auzoan geltoki berria eraikiko da, hainbat mailatan, eta Sondikako geltokia berriztatu egingo da. Proiektuak 28 milioi euro inguruko aurrekontua du, eta burutzeko epea 12 hilabetekoa izango da.

Trena Loiuko aireportura eramateko beharrezkoa den azken fasea, 2.800 metro luze den Sondika-aireportua izenekoa izango litzateke. Fase horren alternatiben azterlana 2005eko urtarrilean amaitu zen.