EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta laranja deitu du biharko olatu handiak direla eta

Actualizado: martes, 23 febrero 2010 17:57

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta laranja deitu du biharko itsasoan olatu handiak espero baitira, eta bost metrotik gorako olatuak egon daitezke. Gainera, alerta horia deitu dute gaurko eta biharko haizeagatik, 100 km/o-ko abiadura har dezakeelako haizeguneetan. Dagoeneko horren berri eman diete udalei, larrialdi zerbitzuei eta zerbitzu publikoei SOS Deiak-en bidez, Herrizaingo Saileko iturriek jakinarazi dutenez.

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak egindako iragarpenaren arabera, bihar, 15:00etatik 21:00etara, bost metrotik gorako olatuak egon daitezke eta, hortaz, denbora tarte horretarako ezarri dute itsasaldeko arriskuari dagokion alerta laranja. Egunaren gainerako orduetarako alerta horia deitu dute, hasiera batean behintzat olatuek ez baitute 3,5 metroko altuera gaindituko.

Haizeak eragindako arriskuari dagokionez, alerta horia deitu dute gaurko eta biharko, haize-boladek 100 km/o-ko abiadura har dezaketelako haizeguneetan, eta 80 km/o-koa gainerako tokietan.

SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bidez, Herrizaingo Sailak dagoeneko ohartarazi ditu udalak, larrialdi zerbitzuak eta EAEn zerbitzu publikoa eskaintzen duten enpresak, beharrezko prebentzio neurriak har ditzaten. Helarazitako komunikatuak larrialdi egoera baten aurrean jarraitu beharreko aholku eta jarraibide batzuk dakartza.

Itsasaldeko arriskuaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzak zenbait aholku eman ditu itsasaldeko arriskuaren eraginak prebenitzeko eta txikiagotzeko. Horrela, prebentzio neurri gisa, olatuak lehertzen diren tokietatik urrundu behar da (arrokak, kai-muturrak, kaiak), itsas pasealekuetara, kai-muturretara edo itsaslabarretara ez hurbildu, ibilgailurik ez gidatu kostaldetik gertu dauden errepideetatik,

urpean igeri egiteko asmoa izanez gero, bertan behera utzi, eta ontzirik ez erabili eta amarrak aztertu.