EUSKADI.-EuskoTrenek gaueko trenen zerbitzu berezia eskainiko du Donostiako Aste Nagusian, abuztuaren 8tik 15era bitartean

Actualizado: lunes, 3 agosto 2009 15:20

DONOSTIA, 3 Ago. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen EuskoTren sozietate publikoak gaueko trenen zerbitzu berezia eskainiko du Donostiako Aste Nagusia dela eta. Zirkulazio bereziak abuztuaren 8tik 15era bitartean eskainiko dira, Topoa (Lasarte Oria-Donostia-Hendaia) eta Kostaldea (Zumaia-Donostia) lineatan, inguruko herrietan bizi diren pertsonen joan-etorri beharrak bermatu ahal izateko, EuskoTreneko iturriek gaur adierazi dutenez.

Horrela, Lasarte Oria-Donostia (Topoa) linean, Lasarte Oriatik, egunero, 21:29tik 22:29ra tren zirkulazioak izango dira 15 minutuz behin, eta trenak eskainiko dira 30 minutuz behin 22:59tik 5:59ra. Donostiatik, zirkulazioak 30 minutuz behin izango dira, 23:13tik 6:43ra.

Errenteria-Donostia (Topoa) ibilbidean, Errenteriatik trenak zazpi minutuz behin ibiliko dira egunero, 21:31tik 22:08ra. Horrez gain, 00:23tik 5:53ra, zerbitzuak eskainiko dira 15 minutuz behin. Donostiatik, 23:15etik aurrera, trenak 15 minutuz behin izango dira 5:15 arte.

Hendaia eta Donostia artean (Topoa), egunero 21:33tik 22:33ra lau zirkulazio eskainiko dira Hendaiatik, eta gau guztian 30 minutuz behin ibiliko dira trenak 00:33tik 6:03ra. Donostiatik trenak 15 minutuz behin izango dira 23:45tik 00:15era, eta ondoren, 30 minutuz behin 5:15 arte.

Azkenik, Zumaia-Donostia ibilbidean (Kostaldea), Zumaiatik ordurik ordu izango dira zirkulazioak 00:30etatik 6:30etara. Abuztuaren 9tik 13ra bitarteko gauetan zerbitzua 4:30etan amaituko da. Horrez gain, egunero zerbitzu bat eskainiko da 00:00etan. Donostiatik ere trenak ordurik ordu ibiliko dira 23:47tik 5:47ra. Abuztuaren 9tik 13ra bitarteko gauetan zerbitzua 4:47an amaituko da. Horrez gain, egunero zerbitzu bat eskainiko da 23:17etan.

Informazio gehiago eskura daiteke EuskoTrenen geltokietan eta geralekuetan, Bezeroen Arretarako Amarako Bulegoan, 902 54 32 10 telefono zenbakian eta www.euskotren.es webgunean.