EUSKADI.-Familian Gozatzeko XVIII. Umeen Jardunaldiak ospatuko dira asteburu honetan Bilboko Txurdinaga auzoan

Actualizado: viernes, 3 abril 2009 15:20

BILBO, 3 Abr. (EUROPA PRESS) -

Hamazortzigarren urtez jarraian, Bilboko Txurdinaga auzoko Bihotz Alaiak elkarteak, auzoko zenbait merkatari eta elkarteekin eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzarekin, Txurdinagako Umeen Jardunaldiak antolatu dituzte bihar eta etzi. Asteburu osoan zehar, etxeko txikienek eskulan tailerrekin, musikarekin, lehiaketa gastronomikoekin, jokoekin, arte martzialen erakustaldiarekin eta euskal dantzakin gozatu ahal izango dute Artazuriña plazan.

Horrela, antolatzaileek azaldu dutenez, bihar, 11:00etatik, kalejira baten animazioa izango da auzoko kaleetan barrena jardunaldiei hasiera emanez. Artazuriña plazan eskulan tailerretan parte hartu dezakete bertaratzen diren umeak, bai eta tortilla txapelketan izena eman -gurasoekin batera-, puzgarrietan saltoka ibili edota Gargantuaren bisitarekin gozatu ere. Gainera, taekwondo erakustaldia izango da auzoko neska-mutilen eskutik, 12:00etan.

Arratsaldez, 16:30etatik aurrera, eta Artazuriña plazan baita, Begoñazpi eta Kirikiño ikastolen euskal dantzen alardea egongo da. 18:00etan, eta Artazuriñan ere, Jaiotza scout taldeko Trebeak taldeak, "Jolas Kooperatiboen Gynkana" antolatu du. Ondoren, txokolatada izango da indarberritzeko eta dantzaldi batekin emango zaio amaiera lehen egunari.

Igandean, jaiak 11:45an Birjinetxeko elizan jarraituko du bertan antolatu den txalaparta eta perkusioaren tailerrarekin. Ondoren, Artazuriña plazan eskulanak izango dira, eta 13:00etan, "Grease" musikala; duela 30 urte estreinatu arren, handien eta txikien gustukoa da oraindik. Jaiotza Taldeko begiraleen ikuskizun honekin amaituko dira Txurdinagako XVIII. Ume Jardunaldiak, 14:00etan.

Gainera, asteburu osoan zehar Txurdinagako auzokideek ingurumenaren alde zer egin daitekeen ikasteko aukera izango dute bertan egongo den "Bizkaia 21" autobusean osteratxo bat eginez.